Bilerak
Siemens Gamesak ez du kaleratzeen inguruko informaziorik eman
Agentziak | Erredakzioa
Tapia konpainiako arduradunekin bildu da Bilbon, eta langileekin “gardenak” izatea eskatu die. Bestalde, ELA sindikatuak enpresaren jarrera kritikatu du.
Siemens Gamesako zuzendaritza Sarriguren (Nafarroa), Zamudio (Bizkaia) eta Madrilgo egoitzekin bildu da arratsaldean bideokonferentzia bidez. Datozen hiru urteetan 6.000 lanpostu murrizteko egitasmoaz datu gehiago ez dute eman zuzendariek, eta datorren astelehenerako beste bilera bat deitu dute.
Gaurko bileran, multinazionalak langileen ordezkariei lanpostuak murrizteko egitasmoaren berri ematea espero zuten, sindikatuetako iturriek azaldu dutenez.
Lanpostuen murrizketak herrialde eta lantegi bakoitzean izango duen eraginaren berri ematea oraindik ezinezkoa dela esan du konpainiako zuzendaritzak; izan ere, multinazionalaren Europako Batzordearekin hitz egiten ari dira. Horrela, datorren astelehenean beste bilera bat egingo dute bideokonferentzia bidez.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburua konpainiako arduradunekin bildu da Bilbon, eta langileekin “gardenak” izatea eskatu die.
Bestalde, ELA sindikatuak enpresaren jarrera kritikatu du: “kaleratzeen iragarpenak sortutako egoera kritikoan, ez dira sindikatuak informatzeko kapaz” izan gaurko bileran.