Itxi

EAE-ko aurrekontuak

Aurrekontuen inguruko akordio posible bat zerga-erreformarekin lotu du Euskadiko PPk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, Elkarrekin Podemos 110-140 milioi euroko aurrekontu-sailak mugitzeko proposamen “oso zehatz” batekin joan da gaurko hitzordura.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen inguruko akordio bat adosteko aukera zerga-erreformarekin lotu du berriro Anton Damborenea Euskadiko PPko legebiltzarkideak. Horrela, EAJk eta PSE-EEk diseinatutako zerga-erreforma “txarra” hobetzea eskatu du Damboreneak, edo bestela, “Espainian egiten ari direna kopiatzeko” proposatu die bi alderdioi, zerga politika eraginkorra egiten “ez baldin badakite”.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin bildu ondoren, EAJri eta PSEri mezua bidali die Damboreneak.

Lurralde historiko bakoitzaren batzar nagusiak “trikimailu” bezala erabiltzea egotzi dio Alderdi Popularreko ordezkariak Eusko Jaurlaritzari.

Gainera, aurrekontuak gastuen eta diru-sarreren aurreikuspen batzuk oinarritzat hartuta osatzen direla azpimarratu du PPko legebiltzarkideak; ondorioz, zerga sistemaren aldaketak diru-bilketan eta aurrekontuetan eragina du. “Gastuen eta diru-sarreren inguruko negoziazioak ezin dira bereizi”, nabarmendu du.

Elkarrekin Podemosen ordezkaritza. Argazkia: EFE

Elkarrekin Podemosen proposamen “zehatza”

Bestalde, Elkarrekin Podemos 110-140 milioi euroko aurrekontu-sailak mugitzeko proposamen “oso zehatz” batekin joan da gaurko hitzordura.

Gehien behar duten eskualdeei laguntzeko (70-100 milioi euro), hezkuntza (15-20 milioi) eta berdintasun politiketan (25 milioi) aurrekontu-sailak areagotzeko helburua du Elkarrekin Podemosen eskaintzak.

Hala ere, eskakizun horiek asebetetzea “zail” ikusten du sailburuak, nahiz eta Elkarrekin Podemosek “aurrekontuaren erdia aldatzea” ez duen planteatu, Lander Martinez koalizio moreko bozeramaileak esan duenez. “Errealistak” izan direla azpimarratu du Martinezek. Negoziaziorako “tarte txikia” dagoela onartu du.

“Pilota Eusko Jaurlaritzaren teilatuan dago”, adierazi du. Alderdi morearen proposamenari erantzun edo iaz gertatu bezala, akordio bat ixteko astebeteko epea eman eta “PP aurrekontuen salbatzaile bezala agertu zen”, erantsi du Martinezek.

Bi bilerak amaitu ondoren, Alderdi Popularraren “elkarrizketarako borondatea” aintzat hartu du Jaurlaritzak agiri batean. Bestalde, Elkarrekin Podemosek “negoziatzen jarraitzeko” azaldu duen jarrera baloratu du Exekutiboak. Proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak.

Ostegunean, EH Bilduren txanda izango da (17:00). Koalizio abertzaleak iragarri duenez, bileran 155. artikuluaz ere aritzea eskatuko dute. EH Bilduren esanetan, "borondate onarekin eta akordiorako prest" joango dira hitzordura, baina "aurrekariak ikusita" akordiorik lortzea "zail" ikusten duela ohartarazi du.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)