Itxi

HITZARMEN BERRIA

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu AHTaren Ezkioko eta Astigarragako geltokiak

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Asteartean, Espainiako Gobernuaren Kontseiluak egun indarrean dagoen hitzarmena aldatuko du, Jaurlaritzak bere gain hartu ditzan Gipuzkoako hainbat obra. Guztira, 500 milioiko gastua izango dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Euskal Y delakoa eraikitzeko elkarlan-hitzarmena aldatuko dute, eta enkargua eguneratuko dute. Hala, Gasteizko exekutiboaren esku geratuko dira hainbat lan: Ezkioko geltokia, Astigarragakoa eta Bergara-Lezo tarteko larrialdi irteerak, besteak beste.

Astigarraga eta Lezo arteko merkantzia saihesbidearekin (Oiartzundik igaroko dena), eta Donostiako AHTren geltoki berriarekin batera, lanak 500 milioiko kostua izango dute.

Datorren asteartean, Gobernu Kontseiluak hitzarmenaren aldaketaren bi dokumentuak onartuko ditu, eta ostiralean Ministro Kontseiluak berretsi egin beharko du erabakia, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak azaldu duenez.

Hala, Abiadura Handiko Trena 2023an abian izango dela esan du, eta "Euskadi eraikitzeko zein herria egiteko" Kupoaren Legeak izan duen "indarra edo gaitasuna" goraipatu nahi izan ditu.

Obra berriak

Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu, beraz, Euskal Yaren Bergara-Lezo tarteko obra berriak, 2006an Espainiako Gobernuarekin eta ADIFekin sinatutako akordioaren moldaketa honekin.

Hauek dira lan berri horietako batzuk: Ezkioko geltokiaren eraikuntza (4,10 milioi eurotako hasierako kostua), Astigarragako geralekua (4,70 milioi), Europako Batasunaren Araudiaren araberako larrialdi-irteerak tuneletan (14,18 milioi), mendi-hegalen egonkortzea eta iturburuetan izan diren kalteen konponketa (1,72 milioi).

Gainera, konbenio berrian Bergara eta Irun arteko tramoaren exekuzio kostuen eguneraketa sartuko da, tartean Astigarraga-Oiartzun-Lezo (356,60 milioi), eta AHTaren Donostiarako sarrera, egungo Iparraldeko geltokian integratuta egongo dena (90 milioi).

Azken txanpa

"AHTa, nahi baino beranduago, baina errealitatea da Euskadin. Obren azken txanpan gaude" esan du Tapia sailburuak. Eta azpigitura honen garapenean Kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa ezinbestekoak izan direla gehitu du.

Garapen Ekonomikorako sailburuak esan duenez, amaituta dago Euskal Y delakoaren %50, eta 2023rako dena amaituta eta martxan izatea espero dute. Gipuzkoaren kasuan, 2019rako amaituta egon daiteke sarea. Izan ere, proiektuak dituen 17 tarteetatik 12 amaituta omen daude, eta geratzen diren bostetatik lautan, obren %70-80 eginda.