Itxi

Hartzekodunen konkurtsoa

Amica konpainiak 26 milioi eskaini ditu Edesa eta Geyser bereganatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Edesako zuzendaritzaren hitzetan, akordioa gauzatzen baldin bada, 140 lanpostu mantenduko lirateke eta 3 urtetan 200 beharginak gainditzeko aukera izango lukete.

Edesa. Artxiboko irudia: EiTB

Amica Group Poloniako konpainiak 26,8 milioi euroko eskaintza egin du, Edesa eta Geyser enpresetako ekoizpen lerro zehatz batzuk bereganatzeko. Bi enpresa horiek hartzekodunen konkurtsoan daude. Horretarako, produktuak Fagor markarekin merkaturatzen jarraitzeko baldintza jarri du Amicak.

Edesako zuzendaritzak agiri batean azaldu duenez, Amica Groupen proposamena goizean aurkeztu dute merkataritza-gaietarako epaitegian. “Aldez aurretiko hitzarmen proposamena” da, hartzekodunen konkurtso egoerari dagokion moduan, Edesak zehaztu duenez.

Zuzendaritzaren hitzetan, akordioa gauzatzen baldin bada, 140 lanpostu mantenduko lirateke eta 3 urtetan 200 beharginak gainditzeko aukera izango lukete, “industria eta merkataritza jarduera Euskadin mantenduz”.

26,8 milioi euro inbertitzeko eskaintza egin du Poloniako konpainiak, 'Lerro zuriaren' ekoizpena bereganatzeko eta produktuak merkaturatzeko ardura izango duen Amicaren filiala finantzatzeko: sukaldeak (labeak, plakak, sukalde independenteak, ke-kanpaiak, mikrouhin-labeak eta osagarriak), hozteko elektrotresnak (hozkailuak eta izozkailuak), garbiketarako elektrotresnak (ikuzgailuak eta lehorgailuak) eta ontzi-garbigailuak.

"Funtsezkoak ez diren zenbait aktiboren salmenta"

“Funtsezkoak ez diren zenbait aktiboren salmenta” eta, “noski”, Fagor marka mantentzea baldintza bezala jarri ditu Poloniako konpainiak, “oraindik Mondragon Korporazioarekin negoziatzen ari badira ere”.

Edesa Industrialeko zuzendaritzak azaldu duenez, Mondragon Korporazioa proposamenaren bideragarritasuna aztertzen ari da. Hala eta guztiz ere, “Fagor marka bultzatzeko iragarkien inbertsioa eta royaltiak ordaintzea bermatu du” Amicak.

Eskaintza “behin betiko onartzeko, gainerako babesak jasotzeko” epea zabaldu behar du orain konkurtsoko administratzaileak. Babesa lortzen baldin badu, hartzekodunen konkurtsoa amaituko litzateke.

CNA taldeko iturriek jakitera eman dutenez, operazioak ez du Amica Groupek Edesa Industrial eta Geyser erostea esan nahi, ezta konpainiako bazkide bihurtzea ere, soilik “lerro zuriko” ekoizpenak bereganatzea baizik.

Enplegua bermatzeaz gain, proposamena “hartzekodun guztiekin akordio bat adosteko etorkizun handiko irtenbidea da”, gaineratu dutenez.

Albisteak (3)