Itxi

Aurreikuspen ekonomikoak

Euskadiko ekonomia 2018an % 2,9 haziko dela iragarri du Confebaskek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

2018an, euskal ekonomiak berriro ere enplegua sortu eta langabezia murriztuko duela uste du Euskal Enpresarien Konfederakuntzak.

Roberto Larrañaga eta Eduardo Arechaga prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Euskadiko ekonomia % 2,9 haziko da 2018an, Confebaskek aurreikusitakoaren arabera. Gainera, 18.000 lanpostu gehiago sortuko dira. Ildo horretan, erritmo horri eutsiz gero, Euskadi 2019an krisiaren aurreko enplegu mailan koka litekeela adierazi du asteazken honetan Roberto Larrañaga.

Confebaskeko presidenteak eta Eduardo Arechaga zuzendari nagusiak Euskadiko Koiuntura Ekonomikoaren txostena aurkeztu dute gaur, Bilbon. Horren harira, 2017. urtea ekonomikoki urte"ona" izan dela azpimarratu dute eta 2018a aurtengo antzeko zifratan ibiliko dela aurreikusi dute.

Hori horrela, 2018rako Confebaskek aurreikusi du 18.000 afiliatu berri egongo direla Gizarte Segurantzan,  eta langabezi tasa (Eustat) % 8raino jaitsiko dela, 2009tik egondako baxueneraino.

Ildo horretan, 2018rako, Kontsumo pribatua, ekipo ondasunetako inbertsio enpresariala eta industria dira euskal ekonomiaren motor nagusiak. 2018rako aurreikuspen positiboen oinarrian euskal enpresek datozen hilabeteetarako dituzten aldeko aurreikuspenak daude.

Confebaskeko erakunde kideek egindako inkestek diotenez, epe labur eta ertainera, euskal enpresa gehienek egonkor edo handitzeko bidean ikusten dute euren merkatua, salmentak handitzea espero dute, eskariak gero eta gehiago dira, finantzaketa hobetuko da, eta inbertsio gehiago egitea espero dutenen portzentajea ere handitzen da.

Horrenbestez, oro har, euskal enpresek aurreikusten dute 2018an langile taldeak handituko dituztela, 2017aren pare.

Soldatei dagokienez, Confebaskeko presidenteak esan du ez duela "soldaten igoera orokorra gauzatzeko deia egingo", "sektore eta enpresa guztietan ez baita hazkunde bera ematen". Bestalde, "kostuak ere nahiko hazi dira", adierazi du. Dena den, Larrañagaren hitzetan, "aurreikuspen ekonomikoak betetzen doazen neurrian soldatak igotzen joango dira".

 

Albisteak (2)