Itxi

Hitzarmen ekonomikoa

Barkos pozik, sinatutako akordioak 'egonkortasun ekonomikoa' ematen baitio Nafarroari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzetan, Estatuarekin egindako itun berria "justua eta beharrezkoa" da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Uxue Barkos "oso pozik" agertu da ostegun honetan Ogasun Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak atzo, hilaren 27an, ekarpen ekonomikoaren harira akordioa sinatu dutelako, eta horrek "egonkortasun ekonomikoa" ematen diolako lurraldeari. Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzetan, "nafarren interes orokorra defendatzeaz" gain, "Estatuko gainerako lurraldeekiko elkartasuna bermatzen" du sinatu berri den akordioak.

Uxue Barkosek Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza-politika kontseilariarekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, "azken hilabeteotako iragarpen apokaliptikoak nahiko urrun gelditzen dira" Madrilen sinatutako Ekonomia Hitzarmenaren eguneraketari esker. "Nafarroa ez dago arriskuan eta itunak asmo handiko etorkizuna bermatzen du", Barkosen aburuz.

Ekonomia Hitzarmenaren eguneraketa 2015-2019 bosturtekoan izango da indarrean eta Nafarroak Estatuari egin beharreko ekarpena urtero 510 milioi eurokoa izatea adostu dute, 2015. urteko ekarpena oinarri hartuta. Bestalde, akordioaren arabera, 215 milioi euro itzuliko dizkio Madrilek Nafarroari, azken bi urteetan gehiegi ordaindu duelako.

"Akordioa beharrezkoa zen eta agerian utzi du Nafarroako Gobernuak Ogasunarekiko eta nafarren kontu publikoekiko duen erantzukizuna eta anbizioa", esan du. "Eskubide osoz lortu da egoeraren neurriko ituna eta nafarren elkartasuna eta erantzukizuna agerian uzten du", gaineratu du Barkosek.

Ogasun Saileko taldeak bi urtez egindako "lan handia" eskertu du Nafarroako presidenteak. "Lan txukuna, zorrotza eta borrokazalea" egin dute "beti nafarren interesak defendatzeko".

Bestalde, negoziazioaren "giro ona" azpimarratu du Barkosek. Ildo horretan, "ekintza politikoaren garrantzia" nabarmendu du; izan ere, "askotan laidotzen dugun politika tresnari esker sinatu dugu asteazken honetan akordioa". "Itun ona da eta Nafarroako Gobernuak seriotasunez jardun duela erakusten du", esan du.

Uxue Barkosek alde batetik, "bozeramaile parlamentarioen leialtasuna" eskertu du, eta bestetik, "zenbaiten jarrera" deitoratu du, "beraiei ez zegokien protagonismoa bilatu eta gizarteari helarazi nahi genien komunikazioa arriskuan jarri baitute". Amaitzeko, bigarren faseari ekiteko ordua heldu dela esan du Barkosek eta "hemendik aurrera, hitzarmenaren legea berritzeko agente politikoen erantzukizun handiagoa" espero duela esan du.

EH Bilduk UPNren jarrera kritikatu du

Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramailea ere pozik agertu da itunarekin, baina orain "inbertsio plan handi bat" egin behar dela erantsi du, "erakunde batzuetan dagoen premiari aurre egiteko".

Inbertsio horiek jada existitzen diren azpiegituretan (ikastetxeak, osasun zentroak, etxebizitzak…) egin beharko liratekeela adierazi du, "eta horrek ez du defizita handitzea edo finantzazio berriak bilatzea eskatuko".

Horrela bada, Estatuak Nafarroari itzuliko dizkion 215 milioi euro horien zati bat inbertsio plan horretara bideratu beharko litzatekeela iritzi dio.

Horrez gain, UPNren Gobernuak itun ekonomikoaren harira izan zuen jarrera kritikatu du. "UPNk bi gauza argitu behar ditu: alde batetik, zergatik egin zion uko 2015eko ituna negoziatzeari, eta bestetik, zer dela eta saiatu den negoziazio honek porrot egin zezan".

Bestalde, Espainiako Gobernuak Nafarroako Parlamentuak onartutako hainbat legeren kontra egin izana salatu du. "Nafarroa eta Estatuaren arteko harremana ez da berdinen artekoa, menpekotasun harremana da", deitoratu du.

Bestalde, PSNk "positibotzat" jo du akordioa eta "erakundeekiko leialtasunaren eta itunaren bidetik jotzeko" garrantzia azpimarratu du. Sozialisten ustez, "diru hori azpiegituretan, zein osasun eta gizarte kontuetan inbertitzeko une ona da".

ko une ona da".

Albisteak (2)

Bideoak (1)