Datuak
KPIaren urte arteko tasa bost hamarren jaitsi da abenduan, eta % 1,2an kokatu
Agentziak | Erredakzioa
Erregaien prezioaren igoera 2016koa baino txikiagoa izan da, eta, ondorioz, jaitsiera hori etorri da.
Kontsumorako Prezioen Indizea, alegia, KPIa, % 0,1 igo da abenduan Estatuan, azaroan izandako datuekin alderatuta, baina bost hamarren egin du behera, urte arteko tasari dagokionez; ondorioz, % 1,2an kokatu da tasa hori, urteko mailarik baxuenean, Estatistikako Institutu Nazionalak zabaldutako datuen arabera.
Hala, aurreratutako adierazleak emandako datua baieztatzekotan, prezioek hitzarmenean adostutako soldata-igoeraren azpitik amaituko dute 2017 (azarora arte, % 1,43koa zen igoera hori); hori bai, langile publikoen soldataren aurtengo igoera baino handiagoa da inflazioa (% 1ekoa izan da), bai eta pentsioen igoera baino handiagoa ere (% 0,25 egin dute gora pentsioek). Hori dela eta, kontsumitzaileen erosketa-ahalmena galdu dute.
Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, KPIaren urte arteko bilakaeran eragina izan du erregaien prezioen igoerak; hain zuzen ere, gasolioak eta gasolinak 2016an baino gutxiago igo dira.
Hamaseigarren aldiz jarraian, datu positiboa
Positiboa izanez, abenduko urte arteko tasak aurreko hamabost urte arteko tasen ildotik joan da. Esan nahi duena da 2017ko abenduko prezioak duela urtebetekoak baino % 1,2 altuagoak direla.
Urte arteko KPIan % 3an hasi zuen 2017; 2012ko urritik, tasarik altuena zen hura. Otsailean errepikatu zen ehuneko hori; martxoan, baina, zazpi hilabetean lehen aldiz, inflazioak behera egin zuen, urte arteko datuari zegokionez, eta % 2,3an kokatu zen.
Gerora, igoerak eta jaitsierak izan zituen; abuztuan, aldiz, urte arteko KPIa % 1,6an kokatu zen, uztailean baino hamarren bat gorago; irailean, % 1,8ra igo zen, urrian % 1,6ra jaitsi, eta azaroan % 1,7ra igo berriro.
Urteko azken hilabetean, bateratutako KPIa % 1,3an jarri da. Datua baieztatuko balitz, baieztatutako KPIaren urteko tasak bost hamarreneko beherakada izango zuen azaroko datuekin alderatuta.
Hileroko datuak kontuan izanik, KPIa % 0,1 igo da abenduan; 2016ko abenduan, baina, % 0,6 egin zuen gora.
Estatistikako Institutu Nazionalak urtarrilaren 12an emango ditu abenduko KPIaren behin betiko datuak.