Hartzekodunen konkurtsoa
Edesa eta Geyser enpresetako langile guztiak kaleratzea planteatu du CNA konpainiak
Agentziak | Erredakzioa
Langileen ahotan, “Jorge Parlade buru izan duen enpresaren kudeaketa negargarriaren” ondorio da erabakia. Beharginek elkarretaratzea egingo dute astearte honetan, Arrasaten.
CNA Group konpainiako zuzendaritzak Edesa Industrial eta Geyserreko enpresa-batzordeei jakinarazi dienez, langile guztiak kaleratzeko espediente bat martxan jartzea erabaki dute. Horrela, 160 bat behargin kaleratu eta Geyser-Gastech likidatuko dute, langileen ordezkariek azaldu dutenez.
Etorkizunean “produktuak merkaturatzeko” proposamen bat aurkeztuko dutela jakinarazi diete, baina lanposturik sortzeko aukerarik gabe, enpresa-batzordeek salatu dutenez.
Edesa Industrial eta Geyserreko langileen “berehalako kaleratzeak” eta CNAk “enpresa desegiteko eta jarduera industriala bertan behera” uzteko agertu duen asmoa salatu dute enpresa-batzordeek.
"Kudeaketa negargarria”
Langileen hitzetan, “Jorge Parlade buru izan duen enpresaren kudeaketa negargarriaren” ondorio da erabakia.
Hala ere, beharginen ordezkariek defendatu dutenez, guzti honen aurrean, “langileentzako etorkizuna badago, betiere enplegu egitasmo bideragarri bat dagoenean”.
Horretarako, “erakundeen, konkurtsoko administratzailearen eta Fagor Kooperatibaren” inplikazioa beharrezkoa da, “egitasmo espekulatibo onartezin honi alternatiba bat eraikitzeko”.
Batzarra eta elkarretaratzea
Langileek batzarra egingo dute astearte honetan, 11:00etan, eta ondoren elkarretaratzea egingo dute Garagartzako lantegiaren aurrean, Arrasaten (Gipuzkoa).