Itxi

Hezkuntza publikoa

Udaberrirako hainbat greba egun deitu dituzte ELAk, LABek eta Steilasek Hezkuntzan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Martxoaren 14an eta 15ean eta ekainaren 12an greba orokorrerako deia egin dute. Horrez gain, sektoreka astebeteko grebak proposatu dituzte apirilean, maiatzean eta ekainean.

Sindikatuek deituta, abenduaren 12an Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoan dauden "premiei" erantzuteko neurriak hartu ezean, udaberri honetan hainbat greba egun egingo dituztela iragarri dute gaur ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.

Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, protesten egutegia aurkeztu eta lanuzteak deitzeko dituzten arrazoiak aletu dituzte hiru sindikatuek. Datozen asteetan mahai sektorialaren bilera deituko du Jaurlaritzak, eta bilerotan bi aldeek aurrerapausorik lortzen ez badute, mobilizaziorako deiari eutsiko diotela berretsi dute.

Hala, hiru greba orokor deituko dituzte martxoaren 14rako eta 15erako eta ekainaren 12rako. Horrez gain, apiriletik aurrera astebeteko grebak izango dira, sektoreka.

Sindikatuen ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: ELA, LAB eta Steilas.

Dei zuzena Jaurlaritzari

Aitor Nuñez LABeko ordezkariak nabarmendu duenez, "hezkuntzako langileon lan baldintzak eta berdintasunean eta kalitatean oinarrituriko hezkuntza publikoa txanpon beraren bi aldeak dira". Horrela, Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatza egin dio sindikatu abertzaleko bozeramaileak: "Alda dezala errotik azken urteotan inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika, eta eskain diezazkiola hezkuntza publikoari ezinbestekoa duen inbertsioa eta baliabideak".

Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileak aitortu duenez, udazkeneko negoziazio mahaietan Jaurlaritzak "bere jarrera immobilista aldatu du", baina euren aldarrikapenei "oso modu partzialean" erantzun diela deitoratu du.

Zubizarretaren aburuz, "oraindik oso urrun daude, egungo egoera larriari buelta eman eta hezkuntza publikoaren oinarrizko beharrei erantzuteko azken hilabeteotan plazaratu ditugun aldarrikapen eta eskaeretatik". Ondorioz, "mobilizatzen jarraitu beste biderik ez dugu", esan dute sindikatuok.

 

 

Mobilizazioen egutegia

Hiru greba egun bateratu deitu dituzte martxoaren 14rako eta 15erako eta ekainaren 12rako. Horrez gain, sektoreka astebeteko grebak izango dira apiriletik aurrera, honela banatuta:

Apirilaren 23ko astea: irakasleak

Maiatzaren 7ko astea: hezkuntza berezia

Maiatzaren 21eko astea: sukaldea eta garbiketa

Ekainaren 4ko astea: haur eskolak

Martxotik hasita, ostiralero egingo dituzte elkarretaratzeak.

Albisteak (3)