Itxi

Bergarako Justizia Jauregia

Fagor eta Edesako ekarpenen auziaren epaiketa maiatzaren 7tik 10era egingo dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Fagor Etxetresnaken eta Edesan inbertitu zituzten 47 milioi euroak bueltatzea eskatzen diote 900 auzi-jartzailek Mondragon Korporazioari.

Ordaindu elkartearen protesta bat. Artxiboko irudia:EiTB

Kooperatiban inbertitutako aurrezkiak galdu zituzten Fagor Etxetresnakeko eta Edesako 900 langile ohik konpainia auzitara eraman zuten. Epaiketa maiatzaren 7tik 10era egingo dute Bergarako (Gipuzkoa) Justizia Jauregian.

Ordaindu eta Eskuratu kaltedunen bi elkarteek agiri batean gaur jakitera eman dutenez, Bergarako lehen auzialdiko epaitegiak epaiketaren hasiera dataren berri eman die gaur bi aldeei.

Arantxa Laskurain Mondragon Korporazioko idazkari nagusia lekuko gisa deklaratzen lehena izango da. Elkarte auzi-jartzaileen hitzetan, Iñigo Ucin Korporazioko presidentearen “agerraldia saihesteko” Laskurain erabili du kooperatibak. Auzi-jartzaileek Ucinen testigantza eskatu zuten.

Aurreneko saioan, lekuko gisa deklaratuko dute, besteak beste, Jose Maria Aldekoa eta Txema Guisasola Mondragon Korporazioko presidente ohiek. Azkena Fagor Etxetresnakeko arduradun nagusia ere bazen.

Maiatzaren 8rako, Javier Sotil Korporazioko presidente ohia eta Agustin Markaide Eroski Taldeko presidentea deitu dituzte lekuko gisa. Kaltedunek Markaideren agerraldia eskatu zuten, “bi kooperatibak salbatzeko helburuarekin, Fagorri eta Edesari egindako maileguen bidez Korporazioaren barnean sortutako berregituraketa funtsaren burua zelako”.

Xabier Bengoetxea Fagorreko Kontseilu Errektorearen azken presidenteak maiatzaren 9an deklaratuko du, baita Sergio Treviñok ere. Bengoetxeak kooperatibaren hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, eta Treviño zuzendari nagusia zen porrotaren unean.

Fagor Etxetresnaken eta Edesan inbertitutako 47 milioi euroak itzultzea eskatzen diote auzi-jartzaileek Mondragon Korporazioari.

Ordaindu eta Eskuraturen ahotan, “informazio engainagarrien” bidez Fagor Etxetresnaken eta Edesan aurrezkiak mantentzera bultzatu zituzten, “nahiz eta Arrasateko kooperatiba multzoaren arduradunek bi enpresak ixtera zihoazela jakin”. Horregatik, kalte-ordaina eskatzen dute.

Albisteak (2)