Mobilizazioak
Bizkaiko etxez etxeko langileek lanuztea egingo dute astelehen honetan
Agentziak | Erredakzioa
Geldialdia 10:00etatik 13:00etara egingo dute, zerbitzu hobea eta kalitate handiagoko lana aldarrikatzeko.
Bizkaiko etxez etxeko langileek hiru orduko lanuztea egingo dute astelehen honetan, otsailak 12, 10:00etatik 13:00etara, zerbitzu hobea eta kalitate handiagoko lana aldarrikatzeko, sindikatuek aditzera eman dutenez.
Urtarrilean LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek deitutako lanuzte partzialen bigarren mobilizazioa da astelehenekoa. Otsailaren 22an eta 27an ere egingo dituzte.
Langileek salatu dutenaren arabera, bost urtez soldata izoztuta izateaz gain, lan eskubideak "galdu" egin dituzte. Horrez gain, patronalek KPIa baino soldata igoera txikiagoa eta beste hainbat neurri erregresibo proposatu dituztela kritikatu dute. Bestalde, lanaldi malguagoak egiten hasi direla ohartarazi dute.
Azken lizitazioetan eta oro har, "orduko prezio minimoak ezarri direla" azaldu dute langileek, eta, gainera, gutxitu ere egin dituztela argitu dute, "sektorea enkante publiko bilakatu arte". Era berean, "zerbitzu orduak ez dituztela bermatzen" aldarrikatu dute, "kontratuak ezegonkortu" egin dituztela salatuta.
Azkenik, azpimarratu dutenez, "langile guztien subrogazioa ez da zehazten, eta azpikontratek uko egiten diote langile guztien subrogazioari".