Itxi

HEZKUNTZA PUBLIKOA

Sindikatuek 'proposamen zehatzak' eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan martxoaren 14rako eta 15erako greba egunak erregistratzerakoan egin dute eskaria sindikatuok.

Sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko azken bilera. EFE

Negoziazioari ekiteko "benetako proposamenak" mahai gainean jartzeko eskatu diote ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan martxoaren 14rako eta 15erako greba egunak erregistratzerakoan egin dute eskaria sindikatuok.

ELAk, LABek eta Steilasek gogor kritikatu dute beste behin Jaurlaritzaren jarrera. Zentral horien iritzian, Cristina Uriarteren sailak orain arte egin dituen proposamenak "oso eskasak" izan dira, eta hezkuntza publikoak dituen "benetako beharrak" ez dituzte asebetetzen.

Azken bederatzi urteotan "galdutako eskubideak eta lan-baldintzak errekuperatzea" da sindikatuen helburua, hezkuntza publikoaren "kalitatea hobetzeko".

Uriarteren lantaldearekin izandako azken bilera ez zela eraginkorra izan nabarmendu dute sindikatuek, "proposamen zehatzak" falta izan zirelako. "Dena oso anbiguoa izan da, zehaztasunik gabe", gaineratu dute.

Aste honetarako bi aldeek zuten bilera deialdia bertan behera utzi du Hezkuntza Sailak, "agenda arazoak" argudiatuta. Halere, sindikatuek esan dute bilera lehenbailehen egitea espero dutela.

Albisteak (2)