Itxi

Emakumeen greba

M8: Argitu hemen greba feministari buruzko zalantza guztiak

eitb.eus

Leer en Castellano

Legezkoa da? Zeintzuk dira helburuak? Nola egin dezaket bat? Nortzuk dira deitzaileak? Gizonek ere greba egin dezakete?

Argazkia: EFE

Zeintzuk dira helburuak?

Mugimendu feministek agerian utzi nahi dute emakumerik gabe herrialdea gelditu egingo litzatekeela. Helburu gehiago dituzte: indarkeria matxista eta sistema patriarkala salatzea, pairatu behar dituzten 'zamak' ikusaraztea eta alternatiba feminista bat eraikitzea.

Horregatik, greba lau esparrutan egiteko deia egin dute: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zainketan eta kontsumoan.

 

Legezkoa da?

Bai, greba deialdia sindikatuek erroldatu dute Lan Sailean, eta lege baldintza guztiak betetzen ditu.

 

Zenbat iraungo du?

Greba deialdia ez da bateratua izan, eta, horregatik, lanuzte ezberdinak izango dira:

- EAEn eta Nafarroan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte, txanda bakoitzeko. Hain zuzen ere, 11:00etatik 15:00etara, eta 18:00etatik 22:00etara.

- Estatu mailan, M8 Batzordeak, CNTk eta CGTk 24 orduko greba deitu dute. CCOOk eta UGTk, baina, bi orduko lanuzteak deitu dituzte txanda bakoitzeko (11:30etik 13:30era, eta 16:00etatik 18:00etara).

 

Aurrekaririk ba al da? Zein da deialdiaren jatorria?

2017ko maiatzetik ari dira ekimena prestatzen, eta Argentinan sustatu eta 70 herrialdek babestu zuten Emakumeen Mundu Lanuztearekin dago lotuta. "Bizirik egon nahi dugu" lelopean egin zuten protesta iazko martxoaren 8an.

 

Nola egin dezaket bat grebarekin?

Mugimendu feministek honako jarraibideak partekatu dituzte:

- Lantoki eta ikasgeletan lanuzteetara batuz.

- Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez. Bi hitzordu nagusi: 12.00 eta 20.00.

- Amantala edo beste edozein tresna balkoitik eskegiz, zaintza lanak azaleratzeko.

- Merkatuan kontsumitzeari utziz, batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak.

- Greba zabalduz eta zure eskualdean antolaketan parte hartuz. Mobilizazioetan zure eremuko aldarrikapenekin blokea antolatu dezakezu.

- Zaintzeari utziz, lan hori beste emakumeen esku utzi gabe. Besteek egin dezatela.

- Edonon zaudela besoko morea jantziz.

 

Gizona naiz, greba egin dezaket?

Gizonei ezin zaie legez debekatu greba egitea, baina mugimendu feministek lanuzteekin bat ez egitea eskatu diete. Izan ere, sektore feminizatuenak azaleratzea eta emakumeek ekonomian duten pisua erakustea da helburua. Gainera, gizonek emakumeek egin ohi dituzten lanak egitea da beste helburu bat, emakumeen desberdintasunak eta prekarietatea ezagutu ditzaten.

Batik bat, kontuan hartu greba emakumeena izango dela.

Dena dela, badaude moduak gizonek ekarpenak egiteko greba arrakastatsua izan dadin. Hauek seinalatu dituzte mugimendu feministek:

- Aita bazara, seme-alabak zaindu, eztabaida bultzatu eta ikasle greba babestu.

- Laguna baza, zure burua eskaini emakume baten seme-alabak zaintzeko.

- Lankidea bazara, zure burua eskaini emakume lankide baten lana egiteko edota zerbitzu minimo izateko. Gainera, egun horretako soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, eta lantokian erresistentzia kutxa antolatu edo horrekin kolaboratu.

- Egin bat kontsumo grebarekin.

- Lanean erantzukizunak badituzu, ez jarri oztoporik greba egiteko, eta ez jarri zigorrik grebalariei.

- Ikaskidea bazara, erakutsi babesa deialdiari eta grebarekin bat egingo duten emakume ikaskideei.

- Irakaslea bazara, ez irakurri zerrenda. Gogoratu: falta justifikatuta dago, eta egun horretan klasean ez dauden emakumeak kalean egongo dira, “bizirik egon nahi dugu” aldarrikatzen.

- Antzerkigilea bazara, bertan behera utzi egun horretarako funtzioak eta entseguak. (Lanbide guztietarako eskaria).

- Zure familian norbaitek zaintzak behar baditu, eta emakume batek eman ohi badizkio, egun aproposa da zu zeu hori egiten has zaitezen.

- Emakume batekin sexu-maitasun harremana baduzu, egizu berak eskatutako edozer grebara joan dadin.

- Militantea bazara, sustatu deialdia eta lagundu emakumeek bat egin dezaten eta gizonek zerrenda hau irakur dezaten.

- Mobilizazio batera bazoaz (aurreko puntuetan emakume batek zure laguntza behar izan ez badu), entzun, ez izan protagonista eta ez eman agindurik. Emakumeak dira protagonistak.

- Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, zuen maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko gizartea lortzeko bidean pausuak emateko.

 

Zer alderdi politikok babesten dute deialdia?

EAEn, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eman diote babes esplizitua deialdiari, eta PSEk bi orduko lanuzteari.

Estatuan, Unidos Podemosek bat egin du grebarekin, eta PSOEk bi ordukoarekin.

 

Zenbat mobilizazio deitu dituzte?

Mugimendu feministek mobilizazio eta ekintza ugari deitu dituzte herriz herri. Hauek izango dira nagusiak:

 

Bilbo

11:00: Kalejira feminista Unamuno Plazatik

12:00: Eserialdi isila Plaza Eliptikotik

14:00: Bazkaria pelota kalean, norberak etxetik dakarrenarekin

16:00: Ekintzak Tawir Fundazioaren, Histeriak Kolektiboaren eta Biotxerreren eskutik, La Bolsan

18:00: Kalejira feminista Plaza Eliptikotik (zarata egiteko tresnaren bat ekarri)

20:00: Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik

 

Donostia

11:00: Bizikletaldi desobedientea Arcotik Zurriolara

12:00: Eserialdia Boulevarden

13:30: Kalejira feminista

14:30: Gipuzkoa plazan bazkaria, norberak etxetik ekarritakoarekin

20:00: Manifestazioa Boulevarden

24:00: Festaren amaiera Guardetxen

 

Gasteiz

07:00: Auzoak dekoratu

09:45: Propaganda banaketa Desamparadasen

11:00: Propaganda banaketa Bilbo Plazan eta Foru Aldundian

12:00: Eserialdia Loma Jeneralaren plazan, eskulturaren alboan

15:00: Tuper bazkaria, gaztetxean

17:00: Kafea Hala Bedi tabernan

18:30: Propaganda banaketa Fariñasen

20:00: Manifestazioa San Anton plazatik

 

Iruñea

12:00: Ekitaldi politikoa Sarasate pasealekutik

14:00: Norberak kudeatutako bazkaria

20:00: Manifestazioa Gaztelu plazatik

 

Baiona

12:00: Eserialdia eta ondoren bazkaria Herriko Etxeko Plazan

18:00: Kontzentrazioa Udaletxean

Albisteak (5)