Itxi

TEKNOLOGIA

600.000 euroko isuna WhatsApp eta Facebooki, datuak baimenik gabe erabiltzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Datuen Babeserako Espainiako Agentziak 300.000na euroko isuna jarri die. Agentziak ebatzi duenez, WhatsAppek erabiltzaileen datuak jakinarazi zizkion Facebooki azken horrek erosketa gauzatu zuenean.

Argazkia: EFE

Datuen Babeserako Espainiako Agentziak 300.000na euroko isuna ezarri die WhatsApp eta Facebook konpainiei, 600.000 euro guztira, datu pertsonalak erabiltzaileen baimenik gabe eman eta erabiltzeagatik.

Agentziaren esanetan, ez dute Datuen Babeserako Legea errespetatu, hots, bi arau-hauste larria egin dituzte. WhatsAppen kasuan, erabiltzaileen baimenik izan gabe beraien datu pertsonalak Facebook konpainiari helarazteagatik; Facebooken kasuan, ostera, baimenik gabe datu horiek bere intereserako erabiltzeagatik.

Gauzak horrela, agentziak 300.000na euroko isuna jarri dio bakoitzari, aipaturiko urraketengatik ezarrita dagoen zigorrik altuena. Agentziak hainbat irizpide izan ditu kontuan, hala nola, datuen bolumena, araua hautsi duten konpainien negozio bolumena edota beren jarduerak datu pertsonalen tratamenduarekin duen lotura.

Facebook konpainiak WhatsApp erosi zuen 2014. urtean. 2016ko abuztuan Facebookek bere zerbitzua eta pribatutasun politika berritu zituen, besteak beste, WhatsAppeko erabiltzaileen informazioa Facebooekin partekatu ahal izateko.

Aldaketen ostean, WhatsAppeko erabiltzaileek baldintza berriak onartu behar zituzten aplikazioa erabili ahal izateko. Dena den, agentziaren iritziz, Facebookek ez zien behar bezalako informazioa eman erabiltzaileei eta ez zien uko egiteko aukerarik eman.

Aurretik WhatsAppeko erabiltzaile zirenen kasuan, zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izateko baldintza berriak onartu behar zituzten.

 

 

Albisteak (3)