Enpresak
Gamesa 'filial gisa' erabiltzea leporatu dio Iberdrolak Siemensi
Agentziak | Erredakzioa
Bat-egitean Siemensek hartu zuen konpromisoa betearazteko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eskaera egitea aztertzen ari da Iberdrola.
Gamesa “enpresa filial bat balitz bezala erabiltzea” leporatu dio Iberdrolak Siemensi. Iberdrolak % 8ko partaidetza du Gamesan; Siemens, aldiz, konpainia horren akziodun nagusia da, % 59ko kapitalarekin. Bat-egitean OPA burutzeko beharrik ez zioten ezarri Alemaniako multinazionalari, orain Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak erabaki hori berriz aztertu beharko lukeela uste du Iberdrolak.
Joe Kaeser Siemens AG konpainiako presidente eta kontseilari delegatua Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearekin bildu zen asteazkenean. Bilerak, ordea, ez zuen balio izan Siemens Gamesako bi akziodunek jarrerak hurbiltzeko; izan ere, bat-egitearen kudeaketaren inguruan desadostasun sakonak dituzte, batzarreko iturrien arabera.
Horrela, bat-egitean Siemensek hartu zuen konpromisoa betearazteko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eskaera egitea aztertzen ari da Iberdrola. Operazioan, akzioak erosteko eskaintza publikorik (OPA) ez egiteko baimena eman zion Batzordeak Alemaniako multinazionalari.
Konpainiako bigarren akziodun gisa, Siemens Gamesako akziodun txikien ordezkari bezala hitz egiten ari dela uste du Iberdrolak. Akziodunen azken batzar nagusian, Siemensek konpainiaren egoitza Espainian mantentzeko proposamena atzera zergatik bota zuen ez du ulertzen Iberdrolak, aldez aurretik egoitza aldatzea planteatzen ez dela esan duenean.
Bat-egitea baldintza batzuekin babestu zuen Iberdrolak. Gamesa berriaren kudeaketa eta gobernu korporatiboaren baldintza horiek betetzen ari ez direla uste du energia enpresak.
Nahiz eta asteazken honetan Madrilen bildu, batzarrean aldeek Siemens Gamesaren inguruko kudeaketan akordiorik ez dute lortu. Aire-sorgailuen ekoizlean norabide aldaketa bat ematea espero du Iberdrolak, eta horregatik “adi” jarraituko du. Hala ere, oraingoz ez du bat-egitean sinatutako ituna auzitara eramango.
Bestalde, Alemaniako multinazionala Euskadin mantentzeko konpromisoa agertu zion Kaeserrek Iñigo Urkullu lehendakariari. EAEren aldeko “apustua” berretsi zion Siemenseko kontseilari delegatuak Urkulluri.
Kaeser eta Urkullu Zamudioko (Bizkaia) Teknologia Parkean bildu ziren asteazkenean, Siemenseko buruzagia Galanekin goizean, Madrilen, bildu ondoren.
Zamudion (Siemens Gamesa Renewable Energy) eta Zumaian (Siemens Engine Busines) martxan dituen proiektuak mantentzeko konpromiso azaldu zion Kaeserrek lehendakariari.