Etxe hutsak
Iruñeko Udalak 100 etxebizitza hutsik dituela salatu du PAH plataformak
agentziak | erredakzioa
Gainera, Nafarroako hiriburuan 224 familia etxebizitza beharrean daudela gaineratu du elkarteak.
Hipotekadunen Kaltetutakoen Plataformak (PAH siglekin ezaguna) kontzentrazioa egin du Iruñeko Udaletxe plazan, Udalak 100 etxebizitza baino gehiago hutsik dituela salatzeko. Plataformaren arabera, egun 224 familia bizi dira logela batean eta etxe horiek behar dituzte.
Egoera hori salatzeko, etxebizitza duina izateko eskubidea eta logela bat ez dela etxe bat aldarrikatu dute, eta etxebizitzak zaharberritzearen alde egin dute.
Tere Gonzalez plataformaren ordezkariak azaldu du Iruñeko Udalak hartutako neurriak “motelak eta eskasak” direla etxebizitzak eraberritzeko prozesuan.
Egoera hori ikusita, Gonzalezek PAH plataformaren neurriak proposatu ditu alokairu sozialak hobetzeko. Adibidez, hutsik dauden etxebizitzen egokitzeari lehentasuna eman behar diola Udalak, eta Alde Zaharrean dauden etxeen zerrenda prestatzea bizileku soziala berreskuratzeko.
Era berean, Udalaren webgunean etxebizitza eskaridunen zerrenda ikusgai izan dadila eskatu du plataformak, eta pertsona horiei puntuazioa jartzea euren beharren arabera.
Eraikuntza plana
Nafarroako Gobernuak alokairurako 524 etxebizitza eraikitzeko plana abiatu du, baina Gonzalezen arabera, kopuru hori ez da nahikoa, 6.679 familia eskaera zerrendan daudelako. Gainera, etxe horiek ez dituzte PAH plataforman dauden familien eskaerak betetzen, botere ekonomiko urria dutelako.
Bestalde, Gonzalezek ardura erakutsi du alokairu soziala poltsa publikoan mantentzerako orduan. Izan ere, etxebizitzen prezioa igo egin da eta arriskua dago pisu horiek alokairu askeak edo pisu turistikoak bihurtzeko.