Sistema publikoaren alde
Espainiako Gobernuak 'apurrak' eskaintzen dizkiela salatu dute EAEko pentsiodunek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Apirilaren 19an hiru lurraldeetako koordinakundeak, antza Nafarroakoa ere, bilduko dira "ekintza" gehiago adosteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAEko pentsiodunak gaur (astelehena) atera dira berriro euskal udalerri nagusietako kaleetara pentsio duinak eta pentsioen sistema publikoa aldarrikatzeko. Ildo horretan, Espainiako Gobernuari egotzi diote beren soldatak igo zein Defentsako gastuak handitu izana, gutxieneko erretiro-pentsioak "ezer gutxi eta desegoki" igo dituzten bitartean.
Urtarrilaz geroztik, astelehenero bezala, milaka lagun bildu dira gaur EAEko udalerri nagusietako udaletxe parean, erretiro-pentsioen % 0,25eko igoera oso motz geratzen dela salatzeko eta erretiro-pentsioen borroka gizarte osoarena dela berresteko. Hori horrela, gaurkoan Espainiako Gobernuari Pentsio sistema publiko propioa eskatu diote.
Horretarako, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, erretiro-pentsio guztien igoera Kontsumo Prezioen Igoerara (KPIra) lotzea, eta Iraunkortasun faktorea baliogabetzea eskatu dute berriro.
Pentsiodunen elkarretaratzea, gaur goizean, Bilbon. Argazkia: EFE.
Bilbon, esaterako, "huskeriazko" igoera salatu dute, eta beren aldarrikapenei eutsiko dietela iragarri diote Espainiako Gobernuari.
"Erretiro-pentsioentzako dirua badagoela" salatu dute, eta arazoari konponbidea emateko, besteak beste, Espainiako gobernukideen soldatak igotzeko edo defentsarako hegazkin gehiago erosteko bideratuko duten dirua erretiro-pentsioetara egokitzea proposatu dute. Horrela, Rajoyren kargu uztea eskatu dute berriro, eta Eusko Jaurlaritzari erretiro-pentsioen inguruan "bustitzera ausartzeko" eskatu diote.
Datorren apirilaren 19an hiru lurraldeetako koordinakundeak, baliteke Nafarroakoa ere, bilduko dira "talde ekintzak" adosteko.
Bestalde, Bilbon, joan den martxoaren 17an izandako "manifestazio jendetsuaren" antzekoa deituko dutela iragarri dute; horretan, 115.000 lagun bildu ziren erretiro-pentsio duinen alde.
Donostian, berriz, Pentsiodunen Asanbladak beren aldarrikapenak biltzen dituen agiria aurkeztuko dio Udalari, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin biltzeko asmoa dute.
Gasteizen, ordea, agiri bat irakurri dute eta erretiro-pentsio pribatuek arazoa konpontzen ez dutela salatu dute; hortaz, berdintasun sozialaren alde eta pribatizazioen aurka agertu dira.
Rajoyren dimisioa
Martxoaren 26an bertan egindako azken elkarretaratzean, euskal alargunek eta pentsiodunek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu zuten, horien iritziz, "Gobernuz aldatu arte, ez baitugu pentsio duinik lortuko".
Joan den apirilaren 3an Estatuko Aurrekontu Orokorreko proiektua aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak. Onartuz gero, EAEko 230.000 pentsiodunek eta alargunek euren pentsioen % 1 eta % 3 bitarteko igoera lortuko zuketen.
2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrek aurreikusten dute alargunen pentsioak % 2 igotzea (urtean 450 euro gehiago), eta pentsio minimoak eta 12.040 euro arteko pentsioak, berriz, % 3 igotzea (urtean 250 euro eta 100 euro, hurrenez hurren).
Hala ere, Rajoyren Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez ditu pentsiodunek ezarritako gutxieneko eskariak asetzen.