Gipuzkoa
EAEko Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du kamioiei N-1ean kobratzen zaien bidesaria
EITB.EUS
Erabakia ez dela zuzenbidearen araberakoa ebatzi du Auzitegiak, eta Aldundia eta Batzar Nagusiak prozesuaren kostuak ordaintzera zigortu ditu. Aldundiak kasazio helegitea aurkeztuko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAEko Justizia Auzitegia Nagusiak baliorik gabe utzi du kamioiei N-1 errepidean eta A-15 autobidean Gipuzkoan urtarrilaren 9tik kobratzen zaien bidesaria, Espainiako Merkataritza Garraioen Konfederazioak (CETM) eta Garraiolari Elkarteen Espainiako Federazioak (Fenadismer) gaur jakinarazi dutenez.
Epaimahaiaren arabera, bidesaria ordaintzeko erabakia ez da Zuzenbidearen araberakoa. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak zigortu ditu. Aldeek hilabeteko epea dute orain Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko.
CETM Espainiako Merkataritza Garraioen Konfederazioak eta CNTC Garraioaren Batzorde Nazionalak aurkeztu zuten administrazioarekiko helegitea 2017ko urtarrilaren 12an 7/2016 Foru Legearen (abenduaren 15ekoa) aurka. Aipaturiko arauak N-1 eta A-15 errepideetako kanona arautzen du.
Epaiaren arabera, bidesariak Europako araudia urratzen du. "Ibilgailu astunen zirkulazioa berrantolatzeko Diputazioak diseinatutako errepideen foru politikak ez du bidesaria legitimatzen", gaineratu du.
Auzitegiaren esanetan, sistema berriak "zeharkako bereizketa" eragiten du jatorria edo helmuga Gipuzkoatik kanpora duten garraiolarien eta barne trafikoaren artean. Epaiak jasotzen duenez, N-1eko ateak edo bidesariak Gipuzkoaren iparraldean eta hegoaldean daude (AP-8an, Irunen, eta N-1 errepidean Etzegaraten) eta, ondorioz, bi mutur horietatik kanpora N-1ean ibiltzen diren garraiolariek, Andoainen salbu, ez dute bidesaririk ordaindu behar.
Gauzak horrela, "hiru ateak igaroz ibilbide guztia egiten dutenek kanon osoa ordaindu beharko dute; ostera, jatorria eta helmuga Gipuzkoa duten garraiolariek bakarra ordainduko dute, baldin eta Andoaindik igarotzen badira".
"Kaltetutako kolektiboaren gehiengoa Gipuzkoa kanpokoa da eta, oro har, hiru zatiak zeharkatzen ditu", nabarmendu du epaiak.
Bestalde, bidesaria kobratzen jarraitu eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari kasazio helegitea aurkeztuko diola iragarri du Gipuzkoako Aldundiak.
Sententziarekin “erabateko desadostasuna” azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak agiri batean. Sistemak funtzionatzen jarraituko duela erantsi du. “Erabaki judizialaren ondorioz bidesarian aldaketarik ez da izango”, nabarmendu du.
Zentzu horretan, zerbitzu juridikoak Auzitegi Gorenaren aurrean kasazio errekurtso bat aurkezteko lanean ari direla ziurtatu du Aldundiak.
Sistema martxan jarri baino lehen, bidesariaren legezkotasuna ziurtatzeko “azterketa sakona” egin zuen Aldundiak, eta txostena Europako Batzordeari bidali ondoren, erakunde horrek “berme juridikoa” eman zion, Oiarbidek gogorarazi duenez.
Erreakzioak
Epaiak erreakzio soka luzea eragin du. Fenadismerrek "oso positibotzat" jo du epaia, elkarteek bere garaian aurkeztutako arrazoiak epaitegiak aintzat hartu dituela iritzita. Horrez gain, administrazio publikoek helegiterik ez aurkeztea espero du.
Halaber, Fenadismerrek "azterketa juridiko xehatua" abiatuko du bidesaria indarrean jarri zenetik garraiolariei kobratu zaien diruaren zenbatekoa zehazteko eta, gerora, diru horren itzulketa eskatzeko.
CETM ere ildo beretik mintzatu da eta epaia begi onez hartu du. Haren esanetan, "agerian gelditu da" errepideko garraiolarien zati bati bidesaria ezartzea "bidegabea" dela.
Epaia “positiboa” dela esan du Guitrans Gipuzkoako garraio enpresaburuen elkarteak. Hala ere, baliogabe utzitako arauak garraiolari gipuzkoarrei mesede egiten ziela dion argudioarekin kezkaturik agertu da elkartea.
“Hasieratik bidesaria lardaskeria bat zela begi-bistakoa zen”, adierazi du Hiru sindikatuak agiri batean. “Aldundiak gipuzkoar guztien milioika euro xahutu ditu ongi funtzionatzen ez duen software batean eta azterketatan”, salatu du sindikatuak. Bidesaria kobratzeari uzteko eskatu dio Hiruk Aldundiari, “legez kanpokoa” delako.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJk azaldu duenez, bidesariak arautzen dituen foru legeak “beharrezko berme juridiko, tekniko eta politiko guztiak ditu, erakunde gipuzkoarrena zein Europako organoena; aplikazioa legitimatzeko”.