Enpleguaren aldeko akordioa
Euskal enpresek 100.000 enplegu bete behar dituzte 2018-2020 aldian
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek Euskadin enpleguaren eta kualifikazioaren aldeko lankidetzarako esparru-akordioa sinatu dute astelehen honetan.
Euskal enpresek datozen hiru urteotan 100.000 lanpostu betetzeko duten beharrari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek 2018-2020rako Euskadin enpleguaren eta kualifikazioaren aldeko lankidetzako esparru-akordioa sinatu dute astelehen honetan.
Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Roberto Larrañaga Euskal Enpresen Konfederazioko presidentearen hitzetan, akordio hau "aukera" bat da Euskadi hazteko bidean.
Lankidetza-akordioa gaur goizean sinatu dute, Lehendakaritzan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritza eta euskal enpresa-elkarteetako ordezkariak.
Urkulluk ondasun erkidearen aldeko lankidetza publiko-pribatuaren ideia nabarmendu du. Lehendakariak gogorarazi duenez, "gure historian prestakuntzarik onena duen gazteria dugu" eta, ildo horretan, "bere ahalmen guztia aprobetxatu behar dugu", erantsi du.
"Zenbat eta lan-kualifikazio handiagoa, handiagoa izango da ere enpresa-lehiakortasuna", eta horrek ere ekarri beharko luke, lehendakariaren hitzetan, "lan-baldintza hobeak" izatea. Halaber, "emakumeak lan-merkatuan sartu" behar direla esan du, eta, horren harira, "hori aukera paregabea da, eta, aprobetxatzen badakigu, herrialdeko indargune handia ere izango da", gaineratu du.
Bestalde, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentearen ustez, honakoa lankidetza publiko-pribatuko akordio "historikoa" dela eta, beraz, "elkarlanean jardun behar da, enpresek enplegua sortzeko eta, ondorioz, aberastasuna eta ongizatea sortzeko".
Bost jardun eremu
Lan-prospekzioa eta -bitartekaritza: Euskadiko lan-egoeraren bi analisi egingo dira, bai eta enpresek eskatzen dituzten profilen inguruko eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka lortu ahal izateko Ekintza Plana ere. Halaber, Lanbideren eta enpresa-erakundeen arteko lan-bitartekaritzarako bide berriak ezarriko dira.
Gazte-enplegua: lan-orientazioa, enplegu kualifikatuko eskaintzei erantzuteko; "Lehen Aukera" programaren eragina zabaldu ahal izateko jarduketa berriak identifikatzea; LH dualean parte hartzen duten enpresen eremua zabaltzea; edo birziklapeneko prestakuntza-programak sustatzea, besteak beste.
Krisian dauden enpresetan arrisku-egoeran dauden langileak beste nonbait kokatzea: industria-enpresen eskariak eta kualifikazioak aztertuko dira eta martxan jarriko dira zailtasunak dituzten euskal enpresetako langileak berriro kokatzeko proiektu pilotuak eta abar.
Enplegurako eta lanbide-orientaziorako prestakuntza: moduluak zehaztea kontratazio-konpromisoarekin; prestakuntza- eta/edo birkualifikazio-ibilbideak (bereziki 55 urtetik gorakoentzat); 4.0 industriaren eremuko prestakuntza; etab.
Enpleguko kalitatea eta emakumearen aktibazioa lan-merkatuan: aldi baterako kontratuak mugagabe izan daitezen sustatzea; aldi baterako izaera duten kontratuen tasa murrizteko neurriak garatzea; euskal enpresetan legea bete dadin berdintasun-planak egitea; laneko eta familiako bizitza uztartzeko neurriak sustatzea, besteak beste.
Lan-plana
Esparru-akordio hau sinatu, eta martxan jarriko dira Lan Batzordeak; horiek autonomia zein lurralde mailan era daitezke, gaiaren arabera. Jarduketen eraginaren gaineko segimendua egingo da, Gobernamendu Batzordearen bidez. Bertan, aldeek ordezkaritza izango dute: lau kide Lehendakaritza eta sail sinatzaileak ordezkatuz, eta beste lau kide enpresak ordezkatuz.