Itxi

2018ko lehen hiruhilekoa

Euskadiko langabezia tasa % 10,76koa izan da lehen hiruhilekoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

110.200 langabe izan dira urteko lehen hiruhilekoan Euskadin, iraila eta abendua bitartean baino 1.900 gehiago. 2.600 lagun okupatu gutxiago izan genituen eta jarduera-tasa % 56,22koa izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

110.200 langabe izan dira urteko lehen hiruhilekoan Euskadin, iraila eta abendua bitartean baino 1.900 gehiago, alegia. Hori horrela, langabezia tasa % 10,76koa izan da, hiru hilabete lehenago baino 19 ehunen gehiago.

EAEko lan-merkatuaren 2018ko lehen hiruhileko datuen arabera, 2.600 lagun okupatu gutxiago izan genituen (guztira, 913.300), % 0,28 gutxiago urte arteko tasa oinarri hartuta, eta jarduera-tasa % 56,22koa izan da, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionaleko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.

Biztanleria aktiboa lehen hiru hilabeteotan 1.023.550 lagunekoa izan da, aurreko hiruhilekoan baino 700 (-% 0,7) gutxiago, eta 2017ko lehen hiruhilekoan baino 8.700 (% 0,85) gehiago.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Espainiako langabezia tasarik txikiena izan da Gipuzkoan (% 7,93), eta % 10,54koa izan da Araban eta % 12,61ekoa Bizkaian.

Arabako jarduera-tasa % 57,56koa izan da; Gipuzkoakoa, % 56,76koa; eta % 55,51koa izan da Bizkaikoa.

Gizonen langabezia tasa % 10,58koa izan da, eta emakumeena, aldiz, % 10,99koa. 479.600 gizon okupatu izan dira, eta 56.600 langabe. Emakume okupatuak, berriz, 433.700 izan dira, eta langabeak, 53.600.

Estatuko langabezia tasa txikiena Nafarroak dauka (% 10,5), baina, hala ere, % 8,92 egin du gora lehen hiruhilekoan.

Espainia mailan, 29.400 langabe gehiago izan dira lehen hiruhilekoan, 3.796.100 langabe zenbatu baitituzte (% 16,74).

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)