Elkarretaratzeak
'Aurrekontuak izan ala ez' % 1,6ko igoera aplikatzea eskatu dute pentsiodunek
Agentziak | Erredakzioa
Beste astelehen batez milaka pentsiodunek eta erretirodunek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka pentsiodunek eta erretirodunek elkarretaratzeak egin dituzte berriro gaur, PPren eta EAJren artean adostutako % 1,6ko igoera Espainiako Gobernuari aplikatzea eskatzeko, “155.arekin edo gabe, aurrekontuak izan ala ez”.
Horrela, milaka pentsiodun eta erretirodun bildu dira beste astelehen batez Bilboko udaletxearen aurrean, pentsio publiko “duinak” eskatzeko. Era berean, ehunka pertsonak protesta egin dute Donostian eta Gasteizen.
Datorren larunbateko manifestazioak begiz jota, pentsiodunek berriro protesta egin dute. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protestak deitu dituzte. Manifestazio “jendetsuak” izatea eta “Moncloa ikaratzea” espero dute.
EAJk Mariano Rajoyren Gobernuko aurrekontu proiektuari babesa eman ala ez erabakitzeko zain, alderdi jeltzalearen erabakia zein izango den ez dakitela esan dute pentsiodunen ordezkariek. Hala ere, aurten pentsioak % 1,6 igotzeko hartutako “konpromisoa” betetzea aldarrikatu dute, “155.arekin edo gabe, aurrekontuak izan ala ez”.
Gaurko goiz beroan, urtarrilean hasitako protestetan ohikoak diren leloak errepikatzeaz gain, hala nola “Borroka hau irabaziko dugu”, “Lapur gutxiago, pentsio gehiago” eta Rajoyren “dimisioa” eskatzeaz aparte; datorren larunbatean kaleak hartzeko dei egin dute pentsiodunek.
Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteek adostutako agiri bateratu bat irakurri dute ekitaldian. Eskakizunen aurrean “erantzun onargarri bat” lortu arte protestekin eta aldarrikapenekin aurrera jarraituko dutela adostu zuten bileran.
Donostian, ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute eguerdian, udaletxeko fatxada nagusiaren aurrean. Igoerak KPIrekin lotzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute pankarta baten atzean, baita “euskal sistema publiko” bat ere.
Gasteizen, pentsiodunak Plaza Berrian bildu dira, “Pentsio duinen alde” lelopean, eta Eusko Legebiltzarraren egoitzan bukatu den manifestazioa egin dute.
Azkenik, Sasoia eta Nafarroako Pentsionistak Martxan elkarteek Iruñeko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute, pentsio publiko “duinak” eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko.
'1.080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIren benetako berrikusketa' zioen pankarta baten atzean “ez da dirurik falta, lapurrak soberan daude”, “Toledoko Ituna, benetako KPI”, “Ustel eta lapurragatik, Gobernua dimisioa” edo “diputatuak eta borboiak euren pentsioak murriztu” oihukatu dute.
Xabier Lareki eta Blanca Unzue Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteetako ordezkariek, hurrenez hurren, agiri bat irakurri dute euskaraz eta gazteleraz. Pentsioen sistema publikoak “epe luzeko ikuspegia eta aurrekontuetako negoziazioaren menpe egon ezin diren neurri egonkorrak” behar dituztela aldarrikatu dute.