Itxi

Burtsa

Jaurlaritzak astearte honetan jaulkiko du 'bonu berdea'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jaulkipena Espainiako eta Italiako egoera politikoagatik atzeratu zuten.

Artxiboko argazkia: EFE

Litekeena da Eusko Jaurlaritzak “bonu berdea” astearte honetan jaulkitzea, ekonomia berdearekin lotutako egitasmoak eta proiektu jasangarriak finantzatzeko funtsak erakartzeko asmoz. Nazioarteko eta Espainiako inbertitzaileen interesa piztu nahi du bonuarekin Exekutiboak.

Eusko Jaurlaritzako iturriek ziurtatu dutenez, “ezustekoren bat izan ezean”, maiatzaren 29an jaulkitzekoa zen “bonu jasangarria” astearte honetan, ekainaren 5ean, igorriko dute. Jaulkipena atzeratu egin zuten Espainiako eta Italiako egoera politikoaren ondorioz, “ziurgabetasun” politikoak arrisku-sariari eta merkatuei eragin ziezaiekeelakoan.

Jaulkipena astebete atzeratu behar zutela iragarri zuen Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, PSOEren zentsura-mozioaren emaitza ezagutu arte, hain zuzen.

Espainiako egoera politikoa argituta, “bonu berdea” merkatuan jarriko dute astearte honetan, 500 milioi euroko balioarekin. EAEko erakunde batek egiten duen horrelako lehen jaulkipena da.

“Euskadiren ingurumen, ekonomia eta gizarte erronkei heltzeko finantziazio arduratsu eta eraginkorra” lortu nahi du Jaurlaritzak, Azpiazuk Alemaniako, Frantziako eta Espainiako inbertitzaileei azaldu zienez.

Sustainalytics kalifikazio agentziak bonuari abala eman zion. 2030 Agenda ezartzen eta Nazio Batuen Erakundeko jasangarritasun helburuak lortzen lagundu nahi du bonuak.

Lortutako baliabideak proiektu sozialak (% 81) eta berdeak (% 19) finantzatzeko erabiliko dituzte, etxebizitzak egiteko, lanpostuak sortzeko, garraio garbia sustatzeko, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, besteak beste.

Albisteak (2)