Aurreikuspen ekonomikoa
Eusko Jaurlaritzak % 2,8ra igo du 2018rako hazkunde aurreikuspena
Agentziak | Erredakzioa
Azpiazu sailburuak EAEko hazkundeari buruzko aurreikuspenak berrikusi ditu 2018 eta 2019. urteetarako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak % 2,8ra igo du 2018rako aurreikusitako Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea, eta 2019koa % 2,3koa izango dela aurreikusi du. Gainera, enplegu sorrerari buruzko aurreikuspenak ere berrikusi ditu, eta 2018. urte amaierarako 17.800 lanpostu sortzea espero du; aurreko aurreikuspena 17.000 enplegu sortzea zen. 2019an, berriz, 13.200 lanpostu sortzea espero du. Langabezia tasa, berriz, % 10etik behera kokatuko da 2019. urtearen erdialdean, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakitera eman duenez.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2019an EAEko Aurrekontuak garatzeko ildo ekonomikoak onartu ditu astearte honetan. Azpiazuren hitzetan, "2017ko aurrekontuen bide beretik doaz, eta demografia, hezkuntza, digitalizazioa eta nazioartekotzeari aurre egiteko bideratuko dituzte".
2017an EAEko ekonomia % 2,9 hazi zela gogoratu du Azpiazuk, eta inguruko ekonomiak (Europakoak, bereziki) gutxiago haziko direla esan du.
Azpiazuren hitzetan, "hazkunde ekonomikoa pixkanaka prezioen adierazleetara hurbilduko da, baina Europako Banku Zentralak ezarritako % 2tik urrun geldituko da oraindik".
Bestalde, "lehengaien garestitzeak salneurrien hazkundea ekarriko du, baina soldaten igoera txikiek inflazioa igotzea saihesten dute".
Aurrekontuak
Gobernu Kontseiluak urriaren bukaeran eramango du aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrera. "Lan egingo dugu Aurrekontuak onartzeko", gaineratu du Azpiazuk.