Itxi

OSAKIDETZA

Osakidetzako LEPa 'berme guztiekin' egingo dela esan du Darponek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Filtrazioen susmopean geldiarazi diren azterketetei buruzko ikerketak irregulartasunak baieztatuko balitu, "neurriak" iragarri ditu Osasun sailburuak. 15 egunetan jakingo dira emaitzak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Asteburu honetan ari dira egiten Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoko probarik jendetsuenak, BECen. Hainbat espezialitatetan azterketak filtratu egin ote dituzten susmopean dagoen honetan, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak komunikabideen aurrean hitz egin nahi izan du bertatik, LEParen jarraipen batzordeak probekin jarraitzeko erabakia zergatik hartu duen argi uzteko. Hala, Lan Eskaintza Publikora aukeztu direnek euren "ezagutza gardentasun osoz erakutsi, eta plaza bat lortzeko berme guztiak" dituztela esan du.

"Une honetan lau tribunal daude geldiarazita, ikerketa txostenak argitu zain, baina 86 dira guztira", beraz, auzi honek, "Lan Eskaintza Publikoan jokoan diren 3.335 plazen %2,5ari bakarrik" eragiten diola adierazi du.

Oposaketako epamahai guztien emaitzetan koherentziarik ba ote dagoen aztertzeko ikerketa estatistiko bat egiten ari dela unibertsitateko agente independiente bat gogorarazi du, eta ikerketa horien guztien emaitzak ekain amaierarako edo uztailaren lehen asterako prest egongo direla jakinarazi du.

Ildo horretan, ikerketa horietan "norbaitek iruzurra egin duela ikusten bada", "behar den moduan" erantzungo dutela ohartazi du Osasun sailburuak: bai diziplina neurriak hartuz, baita datuak Fiskaltzaren esku utziz ere.

Hain zuzen ere, Fiskaltzara jo dute sindikatuek kasu honekin. ESKk eta LABek astelehen honetan, ekainak 18, jarriko dute balizko irregulatasunen inguruko salaketa EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzan, eta ELAk ekain hasieran jarri zuen salaketa.

EH Bilduk, berriz,  informazio eskaria erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, LEP honetako azterketak "nork prestatu dituen", "nola aukeratu dituzten", eta epaimahaien hautaketa sistema azaldu dezan eskatuz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.

Zeladore, erizain eta administrari laguntzaileen asteburua

Ekainaren 15etik 17ra bitarteko asteburu hau izango da Osakidetzaren 2016-2017 LEP honetako azterketa jendetsuenak bilduko diren tartea. Izan ere, Lan Eskaintza honetan beteko diren 3.335 plazen %60 asteburu honetan erabakiko dira.

Atzo, ostirala, ekin zioten azterketei, eta bihar arte, 73.297 pertsona ariko dira galderak erantzuten Barakaldoko BEC. Hauek dira espezialitate jendetsuenak: zeladore (17.194 onartu), erizaintza (13.694 onartu), erizain laguntzailea (13.262 onartu), administratibo laguntzailea (12.429 onartu) eta zerbitzuetako operarioa (7.996 onartu). Asteburu honetan izan dira edo/eta izango diraa espezialitate hauek ere: fisioterapeuta (1.866 onartu), administratibo (4.686 onartu), eta laborategiko teknikari espezialista (2.710 onartu).

450 pertsona arituko dira azterketak zaintzen. Parte hartuko dutenei proba hasi baino ordu erdi lehenago han egoteko gomendatu diete antolatzaileek, eta gogorarazi dute ezin dela mugikorrik sartu, ez ordularirik, ezta janaririk ere.

Guztira, 96.235 pertsonek eman zuten izena LEP honetan. Lau hautagaitik hiru emakumezkoak dira, eta jatorriz, %19 EAEtik kanpokoak.

Aurtengo Lan Eskaintzak badu berrikuntza garrantzitsu bat, gainera: nahi izanez gero, nota gorde ahal izango da, eta hala, hurrengo LEPean ez da berriz ere azterketa egin beharrik izango.

Albisteak (8)

Bideoak (1)