OSAKIDETZAKO LEP-A
EH Bilduren txosten batek 'anomalia estatistikoak' atzeman ditu Osakidetzaren LEPean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkide izandakoak eta EHUko Datuen Analisien eta Estatistika irakasleak egin du txostena, eta gaur aurkeztu du Legebiltzarrean.
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko 36 espezialitatetatik 18tan izandako emaitzak aztertu ditu Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkide ohi eta EHUko Datuen Analisien eta Estatistika irakasleak. EH Bilduk eskatuta egin du azterketa, eta, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu ondorioak.
Isasiren arabera, estatistikoki ohikoak ez diren datuak atzeman daitezke aztertu dituzten emaitzetan, eta "anomalia" hori eragin duen aldagairen bat dagoela ondoriozta daiteke.
Osakidetzako LEPean egon diren ustezko irregulartasunak "argitzeko" eskatu du EH Bilduk txosten hau egitea. Hainbat salaketa jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lau espezialitatetan lan eskaintza bertan behera uztea erabaki zuen, behin-behinean, azterketan filtrazioak izan ote ziren argitzeko zabaldutako espediente informatiboa ebatzi bitartean.
LAB eta ESK sindikatuek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean salatu zuten Osakidetzako lan eskaintza publikoaren 12 kategoriatan ustez irregulartasunak izan direla.
Emaitzen datuak aztertu ditu Isasik, eta estatistiken ohiko parametroak ezarrita, hainbat ondorio atera dituzte, txostenak "gabeziak" dituela aitortuta.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea izan du alboan Isasik, txostenaren aurkezpenean. "Azterketak etetea eta errepikatu behar badira errepikatzea eta ardurak zehaztu behar badira zehaztea eskatzen dugu. Finean, eskatzen duguna da zigorgabetasunari amaiera ematea", esan du Uberak.
CCOOk ere salaketa jarri du
ELA, LAB eta ESK sindikatuek egin duten bezala, CCOOk ere EAEko Fiskaltzaren esku utzi ditu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren inguruan bildutako hainbat informazio, irregulartasunak egon daitezkeela iritzita.
Hain zuzen, Elkarrekin Ahal Duguk notario aurrean aurkeztutako akta eraman du Fiskaltzara CCOO sindikatuak; azterketak egin aurretik jasotako akta horretan, hainbat plazatan nortzuk gailenduko ziren aurreikusi zuen alderdi moreak, izen-abizenak zehaztuta.
Agiri batean, CCOOk nabarmendu du lanpostu publikoa eskuratzeko herritar guztiek izan behar duten "berdintasun printzipioa" zalantzan dagoela hainbat kasutan, eta horregatik "ikerketa zorrotza" egiteko eskatu dio Osakidetzari.
PPk neurriak eskatu ditu, 'inpartzialtasuna bermatzeko'
PPk, bestalde, osoko zuzenketa bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzako lan eskaintzan "gardentasuna eta inpartzialtasuna" bermatzeko neurriak eskatuz Eusko Jaurlaritzari.
Laura Garrido legebiltzarkide popularraren arabera, ezinbestekoa da azterketen edukiari buruzko eta aukeraketa prozesuaren inguruko "ikerketa zorrotza" egitea Eusko Jaurlaritzak.
'Konfiantza' eskatu du Darponek
Radio Euskadin goizean egindako elkarrizketan, Jon Darpon Osasun sailburuak Administrazioan konfiantza izatea eskatu du, baina onartu du ez dela ohikoa Osakidetzako LEParen lau espezialitate ikerketapean egotea.
Darponen esanetan, gardentasunez jokatuko dute eta, espezialitateren batean hautagai batek besteek baino gehiago bazekiela frogatzen bada, "azterketak errepikatzen" saiatuko dira.