Ustezko irregulartasunak
Osakidetzako LEParen beste zazpi kategoria ikertzeko eskatu dute LABek eta ESK-k
Agentzia | erredakzioa
Kirurgia orokorra, otorrino, laneko medikuntza, urologia, neurokirurgia, patologia anatomia eta traumatologia dira salatutakoak. 19 dira dagoeneko auzitara eramandako kategoriak.
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) atzemandako irregulartasunak tarteko, EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean aurkeztutako salaketa zabaldu dute gaur LAB eta ESK sindikatuek. Beste zazpi kategoriatan irregulartasunak topatu dituzte, "bai estatistikoak zein azterketak egin dituzten pertsonei dagozkionak", argitu dute. Sindikatuon esanetan, "informazio guztia ekartzen ari gara ikerketa sakon bat egin dezaten eta Fiskaltzak ondorioak atera ditzan. Gure asmoa dena argitzea da; dauden ardurak argitzea, alegia".
Salaketa zabaldu ostean EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, egindako adierazpenetan zehaztu dutenez, honakoak dira salatutako kategoria berriak: Kirurgia orokorra, otorrino, laneko medikuntza, urologia, neurokirurgia, patologia anatomia eta traumatologia. "Guztira, 19 kategoria dira", erantsi dute.
Atzemandako irregulartasunen ondorioz, "emaitza arraroak" ikusi dituzte zazpi espezialitate horietan ere, baita "azterketa egin duen jendea eta emaitzen arteko lotura" ere.
"Guretzat garrantzitsuena Fiskaltza egiten ari den ikerketa da, izan ere, Osakidetzaren barne ikerketak ez du sinesgarritasunik. LABentzat harrigarria da ikerketa epaimahaikideek egitea, eta emaitzak ikertutako epaimahaien esku uztea egin beharrekoa erabakitzeko; susmopean dauden epaimahai horien erabakien menpe dago Osakidetza. Barne ikerketa horrek gertatutakoa estali nahi du, ez argitu", adierazi du Jesus Oñate LABeko ordezkariak.
Patxi Nicolau ESK-ko kideak nabarmendu duenez, Osakidetzaren barne ikerketak "irregulartasunak salatu zituztenak Fiskaltzaren aurrera eramatea du helburu, gaizkileak balira moduan tratatzea. Pertsona horiek zintzoak dira, etikoki akasgabeak. Lotsagarria da gaizkiletzat hartzea".
Ikerketa batzordea
EH Bilduk Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzeko martxan jarritako ekimenari buruz galdetuta, bi sindikatuek esan dute "gertatutakoa argitzeko egiten den guztia ongietorria" dela.
Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea babestuko du Elkarrekin Podemosek.
Batzordea sortzeko eskaera ofiziala goizean egin du koalizio abertzaleak Ganberan. Legebiltzarreko Mahaiak irailaren 4an eztabaidatuko du eskakizuna; izan ere, abuztuan ez du lanik egiten. Litekeena da proposamena urrian heltzea osoko bilkurara, EH Bilduko iturriek azaldu dutenez.
Oraingoz Elkarrekin Podemosen babesa lortu du ekimenak. Koalizio morearen hitzetan, “irregulartasunen ikerketan azkenera arte iritsi beharra dago, azken hilabeteetan atzemandako iruzur eta ustelkeria zantzuak argitzeko” eta “erantzukizunak garbitzeko”.
Tinixara Guanche koalizio moreko legebiltzarkidearen ahotan, “lan eskaintza publikoaren atzean dagoen guztia argitara eman behar da”. “Funtzio publikora heltzeko gardentasuna eta aukeren berdintasuna bermatu behar dira”, erantsi du agiri batean.
Hala ere, Elkarrekin Podemosen babesa ez da nahikoa batzordea sortzeko. Oposizioko beste talde politikoak bultzatzea beharrezkoa da, PPk, alegia, proposamena aurrera ateratzeko.