Itxi

Lan gatazka

VTC baimenak arautu nahi dituzten erkidegoei aukera emango die Sustapen Ministerioak

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Irailean prest egongo den legedi berria garatzea proposatu die Abalosek erkidegoetako gobernuei, baina hala nahi ez duten erkidegoek Estatuaren araudipean jarraituko dute.

Garraio Konferentzia Nazionala. Argazkia: Efe

Irailean prest egongo den legedi berria garatzea proposatu die Jose Luis Abalos Sustapen ministroak erkidegoetako gobernuei, VTC baimenak arautzeko gaitasuna emango dielako, baina hala nahi ez duten erkidegoek Estatuaren araudipean jarraituko dute.

Ministerioaren egoitzan hiru ordu bilduta eman dituzte erkidegoetako ordezkariek. Abalosen proposamen nagusia hori izan da. Bestalde, VTCen eta taxien arteko gatazkari konponbideak emateko lantalde bat sortzea proposatu du ministroak. Horretarako, hiru hileko epea ezarri du.

Erabakiek mobilizazioak bertan behera uzteko balio izatea espero du Abalosek. Bi proposamenen berri taxilariei iragan astelehenean eta VTCen patronalari asteartean eman ziela erantsi du ministroak. Abalosen hitzetan, bi aldeak horretarako “prest daude”.

Eskumenak transferitu beharrean, “borondatez hala eskatzen duen erkidegoari beharrezko legedia emango diote, bere lurraldean sektorea kudeatzeko eta arautzeko”, zehaztu du Abalosek bilera amaitu ondoren.

Abalos: "VTC eskuduntzak ez dira transferituko"

“VTC eskuduntzak ez dira transferituko, hala nahi duten erkidegoetako gobernuei arautzeko gaitasuna eman baizik”, adierazi du ministroak. Horretarako araudia irailean prest izatea espero du Abalosek.

Neurriok “normaltasuna berreskuratzeko balio” behar dutela uste du Abalosek, hau da, taxilariek iragan asteburutik mantentzen duten greba mugagabea bertan behera uzteko.

“Eskatzen zizkiguten keinuei erantzun diegu”, ziurtatu du buruzagiak. Konfiantza eta elkarrizketarekin bat egitea eskatu die Abalosek taxi-gidariei.

Albisteak (4)