Hipotekak
Euskadin etxebizitzak erosteko hipotekak % 9,3 jaitsi dira ekainean
Agentzia | Erredakzioa
Jaitsiera hau % 18,2koa da, maiatzeko datuekin alderatuz gero. Guztira, 1.971 hipoteka sinatu dira ekainean EAEn.
Euskadin etxebizitza bat erosteko hipoteka berrien kopuruak % 9,3 egin dute behera ekainean, iazko epe bereko datuekin alderatuta, 1.468 kontratu gutxiago egin baitira; Espainian, aldiz, gora egin dute % 3,9.
Estatistika Institutu Nazionalak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera, EAEn izandako jaitsiera % 18,2koa izan da aurreko hilabeteko datuekin alderatuz gero.
Urte arteko datuak ikusita, etxebizitzak erosteko hipoteka kopuruak EAEn izan du beherakada handienetakoa, Kanariak (% 31,8), Balearrak (%18,4) eta Asturias (% 13,2) bakarrik baitaude zerrendan horren aurretik.
Maiatzeko datuekin alderatuz gero, baina, Euskadin izan da jaitsierarik handiena, Kanarietan izandakoaren atzetik (% 46,6).
Ekainean, 194,5 milioi euro mailegatu dira Euskadin etxebizitzak erosteko, 2018ko maiatzean baino % 21,5 gutxiago, eta 2017ko ekainean baino % 16,4 gutxiago.
Guztira, EAEn 1.971 hipoteka sinatu dira ekainean, 315,7 milioi euroko kapitalarekin. Horietatik 24 landa-finkak erosteko izan ziren, eta 1.947 hiriko finkak erosteko (1.458 etxebizitza, 26 orube eta 462 garaje, bulego eta trasteleku).
Halaber, ekainean Euskadin 1.542 hipoteka ezereztu ziren, eta 133 aldatu ziren erregistroan: 96 nobazio egin ziren, eta 16 zordunek eta 21 hartzekodunek subrogazioa egin zuten.