Lehendakariaren bidaia
Baliteke Beasaingo CAFek 300 milioiko hitzarmen bat sinatzea Qatarren
Pedro Maria Garcia Larragan
Abu Dhabi
Patxi Lopez lehendakaria Arabiar Emirerri Batuetako trenbideko eta azpiegituretako ordezkari nagusiekin bildu da Abu Dhabin EAEko enpresen negozio aukerak sustatzeko.
Arabiar Emirerri Batuetako trenbide arduradunarekin eta Garapen ministroarekin elkarrizketatu da gaur Patxi Lopez lehendakaria herri horretan egindako azken bileran. Emirerri Batuetan negozio egiteko aukera duten bi euskal enpresa izan dira lehendakariarekin batera, Sener ingeniaritza enpresako eta Beasaingo CAF lantegiko ordezkariak.
Datozen 20 edo 30 urteetan Arabiar Emirerri Batuek bi metro eta bi tranbia egin nahi dituzte Abu Dhabin eta Dubain; halaber, trenbideko 1.500 km eraiki nahi dituzte kostaldeko zazpi emirerriak lotzeko eta beste herri batzuetara joateko.
Beasaingo CAF lantegiak eta Sener enpresak lehendakariaren bilera erabili dute negozioak egiteko; ildo horretan, Senerrek tranbia arinaren inguruko txosten bat egiteko hitzarmena lortu du.
Patxi Lopez pozik atera da Emirerrietako Railwayseko presidentearekin izandako bileratik. Euskadiren gain eta trenbideen kontuetan eskaini dezakeenaren gain interes handia duela esan du. Hori dela eta, apirilean EAEra etorriko dela jakinarazi du.
Beasaingo CAF enpresak laster aterako den kontratu bat sinatzea espero du. Era berean, Qatarren gertatzen denaren zain daude; izan ere, baliteke 300 milioi euro baino gehiagoko hitzarmen bat sinatzea hiri horretan tranbia bat egiteko. Antza denez, esleipena azken fasean dago.
EAEko Gobernuaren ordezkariak Qatarren daude jada. Eguneko bitxikeria Qatarren euria egin duela izan da.