Pentsio duinak
Pentsio duinak blokeatzen dituztenei botorik emango ez dietela esan dute pentsiodunek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste astelehen batez, ehunka pentsiodun atera dira kalera Euskal Herriko hiriburuetan 1.080 euroko gutxiengo pentsioa aldarrikatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pentsiodunak eta jubilatuak Euskal Herriko hiriburuetan bildu dira berriro astelehen honetan, KPIren arabera eguneratuko diren "pentsio duinak" exijitzeko. Halaber, ohartarazpen bat ere egin dute: pentsio duinak izatea oztopatzen duten alderdi politikoei botorik emango ez dietela agindu dute.
Bilboko elkarretaratzean milaka lagun elkartu dira Udaletxe parean, eta datorren urriaren 1ean –Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna- deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.
Josele Pereira Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak gogoratu du datorren asteazkenean Toledoko Itunaren batzordea bilduko dela, besteak beste, pentsio-sistemaren erreformaz hitz egiteko, eta, ildo horretan, alderdi politikoei ohartarazi die "foro horretan pentsiodunei oztopoak jartzen dizkietenei inoiz ez bozkatzeko hautua" egin dutela.
Horrez gain, Pereirak orain arte egindako ibilbidea azpimarratu du; izan ere, bederatzi hilabete daramatzate astero mobilizatzen eta hala jarraituko dutela agindu du. "Borroka izugarria egiten ari gara", erantsi du.
Bestalde, Andrea Uña bozeramaileak urriaren 1erako antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du. "Historikoa" izango dela iragarri du eta mobilizazioan "belaunaldi ezberdinetako pertsonak" izatearen garrantzia nabarmendu du.
11:30ean, lau zutabe abiatuko dira Bilboko toki ezberdinetatik (Errekalde, San Nikolas, Jesusen Bihotza eta Destu) eta denek Moyua plazan egingo dute bat. Handik udaletxeraino joango dira, manifestazioan.
Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere izan dira mobilizazioak astelehen honetan. Ehunka lagun bildu dira elkarretaratzeetan.
Gainera, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriburuetan deitu diren manifestazioen harira, Donostiako bilkuran argitu dute urriaren 1ean, astelehenero bezala, elkarretaratzeak egingo dituztela Gipuzkoako herri eta eskualdeetan, eta manifestazioa urriaren 6ra atzeratzea erabaki dutela, larunbata izanda jende gehiago batuko dela iritzita.