Protestak
Valeriorekin pozik ez eta mobilizazioei eutsiko diete pentsiodunek
Agentziak | Erredakzioa
“Bete ezin izango duen hitzik emango ez” duela azaldu die ministroak pentsiodunei. Horrek erretirodunen haserrea eragin du. “Kanpora” oihuak eta txistu ugari izan dira manifestazioetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko pentsiodunak Magdalena Valerio Lan ministroarekin bildu dira gaur, Bilbon. Erretirodunek desengainua hartu dute hitzorduan. Bileraren emaitzarekin pozik ez eta mobilizazioei eustea adostu dute, Espainiako Gobernuak aldarrikapenak onartu arte.
Magdalena Valerio Lan eta Gizarte Segurantza ministroa Bizkaiko pentsiodunen ordezkariekin bildu da gaur. Ministroak aldarrikapenak betetzeko konpromisorik hartu ez duela azaldu dute erretirodunen ordezkariek manifestazioaren bukaeran.
Erantzunak erretirodunen haserrea eragin du. “Kanpora” “kanpora” oihuak eta txistu ugari izan dira Bilboko manifestazioan. Milaka pertsonak pentsio publikoak blindatzea eskatu dute Bizkaiko hiriburuan.
“Bete ezin izango duen hitzik emango ez” duela azaldu die ministroak pentsiodunen bozeramaileei. Aurten eta datorren urtean pentsioak benetako KPIren arabera igoko dituztela bermatu die soilik, PPren Gobernuak eta EAJk 2018ko aurrekontu egitasmoan adostu bezala.
Gutxieneko pentsioa hilean 1.080 eurokoa izateko Gobernuak planik ote duen galdetu diote ministroari. “Horretarako egitasmorik ez” duela erantzun die Valeriok, pentsiodunen ordezkariek jakitera eman dutenez.
Manifestarien haserrea eta desengainua eragin du berriro erantzunak.
Nahi beste aldiz Bizkaiko pentsiodunekin biltzeko borondatea agertu du Magdalena Valerio ministroak, erantsi dutenez.
Bilboko manifestazioa. Argazkia: EFE
Aldarrikapenen zerrenda bat eman diote Bizkaiko pentsiodunek ministroari; besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, gizonen eta alargunen arteko pentsioen arrakala ezabatzea eta jasangarritasun faktorea “berehala” indargabetzea.
Aldarrikapenak onartzen ez dituzten bitartean mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi diote. Horrela, manifestazioa bukatu eta urriaren 8an, Bilbon eta Bizkaiko beste herri batzuetan, elkarretaratzeak deitu dituzte.
Iruñea
Era berean, Iruñeko kaleetan manifestazioa egin dute Nafarroako erretirodunek eta pentsiodunek, pentsioen sistema publikoa defendatzeko. Bi deialdi ezberdin izan dira Nafarroako hiriburuan.
Bi martxak eguerdian hasi dira. Bat Sarasate pasealekuko Foru monumentutik abiatu da, eta bestea Udaletxe plazatik. Bi mobilizazioetan pentsio duinak aldarrikatu dituzte.
Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, UGTko eta CCOOko pentsiodunek, Sasoiak, Lacarrak, ANAPPk eta Pentsio Sistema Publikoaren Defentsarako Nafarroako Elkarteak “egungo eta etorkizuneko pentsioak blindatzeko konpromisoa” eskatu diete Foru Exekutiboari eta Gobernu zentralari.
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
“Pentsio sistema publikoaren defentsan” lelopean, Foru monumentuan hasi eta bukatu da martxa. “Atzerapausorik ez, pentsioak aurrera” edo “ustelkeria kanpora, pentsio gehiago”, oihu egin dute manifestariek protestan.
“Egungo Gobernuak eta aurrekoak pentsiodunen eta pentsio sistema publikoaren arazoei ez diete erantzunik eman”, salatu du Fernando Viedma Pentsio Sistema Publikoaren Defentsarako Nafarroako Elkarteko ordezkariak.
Bestalde, Nafarroako pentsionistak martxan kolektiboak deitutako manifestazioa Udaletxe plazatik abiatu eta Nafarroako Jauregiaren aurrean bukatu da, “1.080 euroko gutxieneko pentsio publiko duina” lelopean.
“KPIren araberako igoera iraunkor bat legez bermatzea” eskatu dute Arantxa Iturralde eta Benito Uterga kolektiboko ordezkariek.