INOIZKO ISUN HANDIENA
Googlek helegitea jarri dio Europako Batzordearen 4.343 milioi euroko isunari
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak inoizko isunik handiena jarri zion multinazionalari, Android sistema eragilearekin oker jokatzeagatik.
Google multinazionalak apelazio helegitea aurkeztu du Europako Batzordeak uztailean jarri zion 4.343 milioi euroko isunaren aurka. Bruselak inoiz jarritako zigor handiena ezarri zion, lehiakortasun arauak urratzeagatik.
Helegitea aurkeztu badu ere, multinazionalak ez du kautelazko neurririk eskatu ebazpena behin-behinean bertan behera gelditu dadin. Izan ere, monopolio bati dagozkion jarrerak etetea ere eskatu zion Bruselak multinazionalari.
Europako Batzordeak 4.343 milioi euroko isuna jarri zion uztailean Google multinazionalari, inoiz jarritako handiena, Android sistema eragilearekin oker jokatzeagatik. Googlek Google Search eta Chrome nabigatzailea, besteak beste, berez instalatzea exijitzen zien Android erabiltzen zuten sakeleko telefonoen ekoizleei.
Isuna ordaintzeaz gain, Googlek bere jarrera zuzendu beharko du azaroa baino lehen. Hori egin ezean, igarotzen den egun bakoitzeko bere eguneko irabazien % 5a ordaindu beharko du.
Ez da Europako Batzordeak Google zigortzen duen lehen aldia. Iaz, 2.420 milioiko isuna jarri zion Europako Batzordeak Google konpainiari, Interneteko bilatzaile gisa duen nagusitasun posizioa baliatuta, erosketak konparatzeko bere zerbitzuari (Google Shopping) "legez kanpoko abantailak" emateagatik.