2019ko Aurrekontuak
EAJrekin batuko da EH Bildu ostiralean Aurrekontuen akordio proposamenaz hitz egiteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Otegik ez du ulertzen zein den akordioa lortzeko arazoa, PSE-EEk eta EAJk ezker abertzalearen proposamena begi onez ikusi dutela kontuan izanda.
EAJrekin bilduko da EH Bildu datorren ostiralean, 2019ko Aurrekontuak onartzeko bidean koalizio ezkertiarrak jeltzaleei egindako proposamenaz hitz egiteko, Arnaldo Otegik gaur jakitera eman duenez.
EH Bilduko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Donostian, Nerea Kortajarena parlamentariarekin batera. Bertan, Aurrekontuen aferarekin lotuta, koalizio abertzaleak egindako "gizarte politiken proposamenaren" baliotasunaz jardun dute.
Proposamen horrek 420 milioi euroko inbertsioa ekarriko luke: 350 milioi euro pentsio baxuenak osatzeko erabiliko lituzkete, eta gainerako 70 milioi euroak kalitatezko enplegua sortzeko programetarako.
Dagoeneko PSE-EEri aurkeztu diote egitasmoa. Hain zuzen ere, ostegunean batu ziren sozialistekin, eta Otegiren esanetan, "onargarria eta aztertzeko modukoa" iruditu zitzaien haiei planteamendu hori.
Horrez gain, Otegik gogora ekarri du EAJko zenbait buruzagik "bideragarritzat" jo dutela planteamendua, nahiz eta ostiralera arte ez duten jeltzaleen behin-betiko erabakia ezagutuko.
Akordiorik ez egoteko arazoa zein den galdetu die Otegik EAJri eta PSE-EEri
Otegik ez du ulertzen zein den akordioa lortzeko arazoa, PSE-EEk eta EAJk ezker abertzalearen proposamena begi onez ikusi dutela kontuan izanda.
Horregatik, lehendakariak eta Podemoseko Pablo Igleasiasek arratsaldean izango duten hitzorduaren harira, Otegik ziurtatu du Urkullu prest dagoela edozeinekin akordioak erdiesteko, "ezker abertzalearekin salbu".
Nolanahi dela, EH Bilduren proposamena "politikoki oso arduratsua eta sendoa" dela adierazi du, "jendearen bizimodua hobetzeko asmoa" dutelako.
"Aurrekontu publikoan balantzak herritarren gehiengoaren interesen alde egin behar duela pentsatzen dugu", gaineratu du. Halaber, emakumeekin, gazteekin eta pentsionistekin erlazionatutako gaiei erantzuna emateak duen garrantzia azpimarratu du.