Manifestazio jendetsua
Milaka lagun bildu dira Barakaldon, La Navaleko langileei babesa adierazteko
Agentziak | Erredakzioa
La Navaleko enpresa batzordeak ontziola erosteko eskatu die berriro Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, "armadoreari konfiantza emateko bide bakarra delako".
Milaka lagun bildu dira ostegun arratsalde honetan Barakaldon (Bizkaia), Sestaoko La Naval ontziolako langileei babesa adierazteko, Van Oord Holandako armadoreak negoziazioak amaitutzat eman eta Vox Alexia draga ontzia Sestaoko ontziolan amaituko ez duela ziurtatu ostean.
Barakaldoko kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioan izan diren langileek ontziola erosteko eskatu diete berriro Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, “La Naval desagertu ez dadin”. Ildo horretatik, bi gobernu horiek ez diren “beste inbertitzaile nagusirik” onartuko ez dutela ziurtatu dute, eta egoerari irtenbide bat bilatzeko neurriak har ditzaten eskatu diete.
Ordezkari politiko eta sindikal ugari izan dira gaurko protestan, besteak beste, Amaia del Campo (EAJ) Barakaldoko alkatea, Jose Maria Pastor PSE-EEk legebiltzarrean duen bozeramailea, Amaia Fernandez PPko idazkari nagusia, Oskar Matute EH Bilduren Madrilgo diputatua, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea, EAJko zenbait zinegotzi edota EH Bilduko hainbat ordezkari. Euskal sindikatuei dagokienez, Raul Arza UGTko idazkari nagusia izan da bertan.
‘Naval ez itxi. No al cierre de La Naval. Govierno Vasco y central, negociacion’ lelopean, negoziatzeko deia luzatu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. “Lehendakari, joan zaitez zu Cadizera”, “Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, busti zaitezte” edota “La Naval ez itxi” oihukatu dute ibilbidean.
Manifestazioa amaitzerakoan, Pedro Gonzalez enpresa batzordeko presidenteak eta Juanjo Llorden idazkariak eskerrak eman dizkiete bertaratu diren herritarrei, pentsiodunei “aipamen berezia” eginez, bertan izateko egindako ahalegina nabarmenduz. Era berean, haien borroka “adibide” gisa jarri dute.
Gonzalezek ziurtatu duenez, Jaurlaritzak “ez du ezer egin ontziola babesteko”, beste autonomia erkidegoetako gobernuek egin ez bezala. Hala, Sestaoko Naval ontziola “Espainiako ontziola publiko onenetariko bat” dela azpimarratu du.
Halaber, ontzigintzaren sektorea “estrategikotzat” jo du, batik bat ontziolak dauden tokietan eta inguruko herrietan “lana eta aberastasuna sortzen dutelako”. Ildo horretatik, La Naval ontziola Sestaon, eta, oro har, Ezkerraldean, lana eta aberastasuna sortzen duen sektore estrategiko bat ez ote den galdetu du.
“Ezkerraldean lana sortzeko ardura politikoa dute bi gobernuek, Espainiakoak zein Jaurlaritzak. Izan ere, arrazoitu ezin daitezkeen erabaki politikoen eraginez lanpostu asko galdu dira inguruan”, ziurtatu du Gonzalezek.
Gauzak horrela, langileak eta bi gobernuak ordezkatuta egon behar diren negoziazio-mahaia sortzea eskatu du berrio. Izan ere, oraindik ez dutela inolako erantzunik jaso salatu du.
Beste alde batetik, Sestaoko La Naval ontziolara “lan eskari handia ekarri dezakeen inbertitzaile bat” bilatzeko eskatu die Raul Arzak Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Bere esanetan, “zalantzarik ez dago” Van Oord Holandako armadoreak negoziazioak amaitutzat eman eta Vox Alexia draga ontzia Sestaoko ontziolan amaitu nahi ez izana “kolpe handia izan dela”.
Dena dela, langile guztien asmoa “lan egiten jarraitzea” dela ziurtatu du: “La Naval ontziolaren etorkizuna jokoan egon ez ezik, eskualdeenarena ere airean dagoelako”. Hala, Navalek itxiko balu, horrek Ezkerralde osoan eragingo lukeela azpimarratu du.
Amaia del Campo alkateak aitortu duenez, azken egunotan ezagutu diren albisteak oso “kezkagarriak” dira herritarrentzat, “La Naval ontziolan lan egiten dutenak Ezkeeraldean eta Meatzaldean bizi diren familiak direlako”. Halaber, “egoera konplexua” dela esan du, baina irtenbide bat bilatzeko “itxaropenarekin aurrera egiteko” eskatu die langileei.
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak esan du egoerari irtenbide bat bilatzeko ardura Jaurlaritzarena dela, Van Oord armadoreak atzera egin ostean eta egungo egoera ikusita. Hala, ontziolaren itxiera saihesteko neurri eraginkorrak har ditzan eskatu dio.
Alderdi sozialistari dagokionez, Jose Antonio Pastor PSE-EEk legebiltzarrean duen bozeramaileak La Naval ontziolaren garrantzia nabarmendu du, “ez soilik Ezkerraldeari begira, euskal industriari dagokionez ere”. Arrazoi horregatik, egoerari irtenbide bat bilatzeko agintariek haien esku duten guztia egin behar dutela azpimarratu du.
Azkenik, Amaia Fernandez PPko idazkari nagusiak bere babesa adierazi die La Navaleko langileei. “Ezkerraldean bizi garenok eta bertakoak garenok argi daukagu dena eman beharra dugula Sestaoko ontziolagatik”, esan du.