Itxi

Bilera Madrilen

Klima-aldaketaren Legean 'segurtasuna' eskatu dio Tapiak Espainiako Gobernuari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Ekoizpen-sarearen lehiakortasunari laguntzen dion energia politika baten beharra”, azpimarratu dio Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak ministroari.

Arantxa Tapia sailburua eta Teresa Ribera ministroa bileran. Irudia: EiTB

Klima-aldaketa Legearen zirriborroan, lanean jarraitu behar dutela azaldu du Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak, Teresa Ribera Trantsizio Ekologiko ministroarekin bildu ondoren. Tapiak nabarmendu duenez, CO2 isurien murrizketa bat lortzeaz gain, ekoizpen-sareari “segurtasuna” eman behar zaio, trantsizio hori lehiakortasunik galdu gabe burutzeko.

Gutxi gorabehera ordubeteko bilera izan ondoren, hitzordu “oso adeitsua eta positiboa” izan dela ziurtatu du sailburuak. Jose Manuel Soria edo Alvaro Nadal aurreko ministroekin alderatuta, “jarrera positiboa eta harbera” aurkitu duen “lehen aldia” izan dela goraipatu du Tapiak.

Bereziki bi puntu garrantzitsu mahai gainean izan dituztela jakitera eman du sailburuak. Aurrenekoa industriaren energia kostuak izan dela azaldu du. Zentzu horretan, “ekoizpen-sarearen lehiakortasunari laguntzen dion energia politika baten beharra”, azpimarratu dio Tapiak ministroari.

Jarrera harbera aurkitu duela onartu du sailburuak, ondorioz, lanean jarraitzeko aukerak daudela uste du. Trantsizio Ekologiko eta Industria ministerioak neurri konkretuetan dagoeneko lanean ari direla zehaztu du Tapiak.

Zentzu horretan, energiaren truke, Euskadiko industriak Alemaniak edo Frantziak baino % 30 gehiago ordaintzen duela gogorarazi du sailburuak.

Gai-zerrendan bigarren puntu aipagarria Klima-aldaketa Legearen zirriborroa izan da. Tapiaren ahotan, ekoizpen-sareari “segurtasuna” eman behar diotela onartu du Ministerioak.

Tapiaren hitzetan, automobilgintza sektoreak “garrantzitsua” izaten jarraitzea bermatu behar dute agintariek. Besteak beste, sare elektrikoak, berriz kargatzeko sistemak eta metatze elektrikoa hobetu behar dituztela gogorarazi du sailburuak. Gasolina, diesel eta ibilgailu hibridoen ekoizpena 2040an bukatzea planteatzen du zirriborroak.

Albisteak (1)