Itxi

2019ko aurrekontuak

Luzatzeak ekar litzakeen ondorioez gogoeta egiteko esan dio Erkorekak oposizioari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Funtzionarioekin edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenekin hitz egiteko deia egin die bozeramaileak alderdiei, horiek izango bailirateke aurrekontuak ez onartzearen kaltedun nagusi.

Erkoreka, prentsaurrekoan. Argazkia: @jerkoreka

Aurrekontuak luzatzeak ekar litzakeen ondorioez gogoeta egiteko eskatu dio astearte honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak oposizioari. Dena dela, datorren urterako kontuak onartzeko aukera badagoela ziurtatu du.

Gobernu bileraren ostean egindako ohiko agerraldian kazetarien galderei erantzun die Erkorekak. Izan ere, EAEko datorren urteko aurrekontuen inguruan hitz egiteko bilera egin dute astearte honetan bertan Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak eta EH Bilduko legebiltzarkideak. Larunbatean, Elkarrekin Podemosek agortutzat eman zuen aurrekontuak babesteko aukera. Horrenbestez, koalizio abertzalea da kontuak negoziatzeko prest jarraitzen duen bakarra.

“Bilerak egiten ditugun bitartean ezin dugu akordioak ixteko aukera baztertu”, esan du bozeramaileak.

Gauzak horrela, aurrekontuak luzatzeak ekar litzakeen ondorioez gogoeta egiteko eskatu die bozeramaileak alderdiei, eta funtzionarioekin edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenekin hitz egiteko deia egin die, horiek izango bailirateke aurrekontuak ez onartzearen kaltedun nagusi.

Albisteak (2)