Itxi

2019ko aurrekontuak

Aurrekontuen arauak hausteko arriskua duela ohartarazi dio Bruselak Espainiari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainia eskatutako neurrietatik "nabarmen" aldendu egiten dela esan du Europako Batzordeak.

Europako Batzordea. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2019rako Aurrekontu Orokorren zirriborroa Europako zerga diziplina hausteko arriskuan dagoela ohartarazi du Europako Batzordeak, eskatutako neurrietatik "nabarmen" aldendu eta zorra murrizteko gidalerrotik desbideratu baita.

Europako Batzordeak agiri batean jakitera eman duenez, Espainiako defizita Barne Produktu Gordinaren % 3ko mailatik jaistea aurreikusita dago. Hori horrela, Espainia defizit handiegia izateagatik neurri zuzentzaileak izatetik, gune prebentiboan egotera igaroko da, eta ondorioz, zorra eta gastu publikoa murrizteko arauak nahitaez bete beharko dituela gogoratu du EBk.

Aurrekontuen inguruko arauak betetzen direla bermatzeko, Batzordeak "beharrezko neurriak har ditzatela" gomendatu die Espainiako agintariei. Bestalde, EBk uztailean egindako gomendioen harira, Espainiak "aurrerapen murriztuak" egin dituela esan du Bruselak, eta horiek "bizkortzeko" eskatu dio.

Bestalde, Europako Batzordearen ustez, Italiari defizita zuzentzeko prozedura zabaldu behar zaio zor publiko handiegia eta defizit estrukturala baitauka, eta Erromak 2019rako aurkeztutako aurrekontuetan zorra eta defizita handitzen jarraituko delako.

Ildo horretan, Italiari defizita murrizteko eskatu zion Batzordeak uztailean, baina Italiako Gobernuak bidalitako bigarren zirriborroan defizita handitu egin dela ohartarazi du.

 

Albisteak (2)