Itxi

Lege berria

Ministroen Kontseiluak aurrezki kutxen erreforma onartuko du gaur

Erredakzioa

Gobernuak % 10eko oinarrizko kapitala exijituko die kutxei. Hala egin ezean, Estatua finantza erakunde horien akziodun egingo da.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak finantza erakundeei kapitalari dagozkion betebehar berriak ezartzen dizkien erreforma onartuko du gaur.

Hain zuzen ere, aurrezki kutxak eta bankuak berriz kapitalizatzea du helburu Ekonomia Ministerioaren planak, nazioarteko merkatuen konfiantza berreskuratzeko.

Erreforma honekin, Gobernuak % 8ko oinarrizko kapitala exijituko die bankuei, eta % 10ekoa kutxei. Bideragarritasun eskakizun hori bete ezean, Estatuak esku hartuko du erakundeotan, akziodun bihurtuta.

Kutxen dekretua ez ezik, aurtengo lan eskaintza publikoa ere onartuko du gaur Exekutiboak.

Lan eskaintzak irizpide ekonomiko zorrotzak izango ditu, eta, ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorrean libre geratzen diren lanpostuen % 10 baino ez dituzte beteko.

Salbuespen bakarra egongo da: autonomia erkidegoetako hezkuntza sektorea. Han, libre geratzen diren lanpostuen % 30 beteko dituzte.


EAEko kutxen legea

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritza EAEko kutxen legea prestatzen ari da, eta atzo lehen zirriborroa aurkeztu zion EAJri. Zirriborroak kutxen gobernu organoen ateak irekitzen dizkie Eusko Legebiltzarrari eta Batzar Nagusiei.

Proposamenak hautsak harrotu ditu. Izan ere, PPrekin batera kutxen kontrol politikoa hartu nahi izatea egotzi dio EAJk Gasteizko Gobernuari.

Aurretik, EAJk kutxetan gehiegizko ordezkapena duela esan zuen Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)