Auzitegi Gorena
Hipotekei buruzko ebazpenak agerian utzi du Goreneko magistratuen arteko zatiketa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hipoteken gaineko zerga bankuek barik bezeroek ordaindu behar dutela ebatzi zuten 28 magistratuetatik hamabik boto partikularra aurkeztu dute, sententzia kritikatuz.
Hipotekei buruzko ebazpenak agerian utzi du Auzitegi Goreneko magistratuen arteko zatiketa.
2016ko urriaren 16an, hipoteken gaineko zerga banketxeek ordaindu behar zutela ebatzi zuen Gorenak. Biharamunean, baina, osoko bilkuran auzia berriro aztertu behar zuela iragarri zuen, erabakia behin-behinean baliorik gabe utzita.
Joan den azaroaren 6an, Gorenak atzera egin eta hipotekei lotutako zerga bankuek barik bezeroek ordaindu behar dutela erabaki zuen, eta epai horrek haserrea piztu zuen gizartean.
Gaur, administrazioarekiko auzietarako salak aztertutako epaia publiko egin du Auzitegi Gorenak. Sala 28 magistratuk osatu zuten; horietako 15ek ebazpena babestu zuten eta 13 kontra agertu ziren. Azken horietako hamabik, gainera, boto partikularrak aurkeztu zituzten.
Orain arte eta denbora luzez administrazioarekiko nahiz gai zibiletako auzietan Gorenak erabilitako jurisprudentzia "drastikoki aldatu" izana salatu eta erabaki horrek "gizartean eta zuzenbidea" izan duen eragina nabarmendu dute.
Jose Manuel Sieiro magistratuak, adibidez, erabakia hartzeko prozedura kritikatu du bere boto partikularrean, "aurrez eztabaidarik egin gabe bozkatu behar izan zutelako". "Proposamena eztabaidatu izanak ez du suposatzen emaitza beste bat izatea, baina, behintzat, aldeko eta kontrako argudioak zeintzuk diren jakiteko aukera izango genukeen", zehaztu du.
"Auzitegi Gorenak berak bere jurisprudentzia zalantzan jartzen badu, nola eskatuko die gainerako epaitegiei eta Auzitegi Nazionalari jurisprudentzia hori errespeta dezatela?", galdetu du.
Era berean, Sieirok bere boto partikularrean dio doktrina hori duela 30 urte baino gehiago ezarri zela eta ordutik hona errealitatea soziala aldatu egin dela. "Erabakia justifikatzeko gizartearen egoera aldatu ez dela esatea onartezina da", adierazi du.
Ildo horretan, gogora ekarri du kontsumitzaileen eskubideak babestuta daudela eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiak kontutan hartu behar direla, "batez ere bankuekin egindako negozio juridikoen kasuan".
Amaitzeko, Gorenak urriaren 16an eman zuen ebazpena defendatu du, "bidezkoa delako, zuzenbidean oinarrituta dagoelako eta bertan azaldutako tesiak doktrina zientifiko eta akademikoaren zati batek bere egiten dituelako".
Bestalde, Nicolas Maurandi magistratuak uste du erabaki honen ondorioz gizarteak justiziarenganako konfiantza galdu egingo duela.
"Jurisprudentzia-aldaketa luze eta zabal argudiatu ostean, Gorenak baliorik gabe utzi zuen (urriaren 16ko) epaia, juridikoki okerra zela argitu gabe eta egun gutxi batzuetako epean", deitoratu du.
Boto partikularra eman duten gainerako magistratuak hauek dira: Pablo Lucas Murillo, Isabel Perello, Jose Maria del Riego, Diego Cordoba, Jose Manuel Bandres, Francisco Jose Navarto Sanchis, Eduardo Calvo Rojas, Angel Aguallo Aviles, Jesus Cudero Blas eta Fernando Roman.