ERREGAIEN PREZIOEN KRISIA
Gidari bat hil da Arlesen, 'txaleko horien' protesta batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Benjamin Griveaux Frantziako Gobernuko bozeramaileak esan du larrialdi egoera ezartzea aztertzen ari direla, atzoko istiluen ondotik: 263 zauritu izan ziren (bost larri) eta 682 atxilotu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gidari bat hil da gaur gauean Arlesen, Frantzia hegoaldean, 'txaleko horien' protestetan. Hirugarren pertsona da protesta hauetan hiltzen dena.
Ezbeharra 02:00ak aldera gertatu da Arlesetik gertuko errepide batean. Manifestariek errepidea moztu dute eta argitu ez diren arrazoiak medio, auto batek atzetik eman dio kamioi bati. Ondoren, beste auto baten kolpea jaso du berak ere atzetik. Gidaria bertan hil da berehala.
Emmanuel Macron presidentea, bere aldetik, Frantzian da berriz ere, Argentinan, G-20aren goi-bileran, parte hartu ondoren, eta Garaipenaren Arkura joan da goizean, atzoko istiluek eragindako txikizioak ikustera. Inguru horretan izan ziren liskarrik handienak, izan ere.
Poliziak jakitera eman duenez, Parisen bakarrik 133 lagun zauritu ziren atzo eta 412 pertsona atxilotu zituzten (horietako 378k komisarietan jarraitzen dute).
Frantzia osoan, 263 pertsona zauritu ziren (bost larri) eta 682 atxilotu zituzten.
Larrialdi egoera, aztergai
Frantziako Gobernua larrialdi egoera ezartzea aztertzen ari da Parisko istiluak berriz ere errepikatzen badira. Izan ere, azken 10 urteetako liskarrik gogorrenak izan ziren atzokoak. Benjamin Griveaux bozeramaileak negoziatzera esertzeko eskatu die manifestariei. "Istiluak errepikatu ez daitezen hartu behar ditugun neurrietan pentsatu beharra daukagu" esan du Griveauxek Europe 1 irrati katean.
Emmanuel Macron presidenteak larrialdiko bilera egin du Edouard Phillipe lehen ministroarekin eta Christophe Castaner Barne ministroarekin, liskarren ingurukoak aztertzeko eta 'txaleko horien' mugimenduarekin elkarrizketa nola hasi erabakitzeko.
"Ezin dugu onartu astebururo indarkeria uholde hau egotea" esan du Griveauxek.
Protestaren arrazoiak
'Txaleko horiak' izenez ezagutzen den mugimendua sare sozialen bidez sortu zen, alderdi zein sindikatuetatik at, baina indar handia lortu du.
Emmanuel Macronen Gobernuak erregaien zergak igotzea erabaki du, "trantsizio energetikoa" bultzatzeko. Energia kutsatzaileen erabilera "oztopatu" nahi du horrela, eta aldaketa klimatikoari aurre egin. Horretarako, diesela 7,6 zentimo igotzea erabaki du eta gasolina 3,9 zentimo. Urtarriletik aurrera, gainera, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarria aplikatuko dute, gainera, hurrenez hurren, bi erregai mota horietan.
Herritarren gehiengoa igoera horien kontra dagoela esan dute 'txaleko horiek' eta herritarren babes osoa dutela. Gaur egun 1,48 eurotan dago, batez beste, erregaiaren prezioa Frantzian.
Protestak protesta, baina, oraingoz, Macronek erregaien zerga ekologikoa ezartzeko erabakia mantenduko duela esan du.