'TXALEKO HORIEN' PROTESTAK
Biriatutik igaro ahal izango dute gaur kamioiek, salbuespen gisa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo mugan sortu zen kaosaren ondotik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igande honetan kamioien joan-etorria baimentzea erabaki du, Frantziak ere zirkulazioa baimendu eta gero.
Igande eta jaiegunetan debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko kamioiak Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetatik ibiltzea, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak debeku hori bertan behera utzi du gaurko, salbuespen gisa.
Atzo Frantziako Estatu osoan 'txaleko horiek' egin zituzten protestak zirela eta, Biriatuko ordainlekua blokeatuta egon zen ia egun osoan, eta auto-ilara luzeak sortu ziren. Ehunka kamioi bide ertzean geratu ziren inguru horietan, eta egoera hori arintzeko asmoz utzi dute bertan behera debekua.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo gaueko 22:00etatik gaurko 22:00etara EAEko errepideetan ibiltzeko baimena izango dute kamioiek, Frantziako agintariek ere hango errepideetan zirkulatzeko baimena eman eta gero.
Erregaien tasetan egin nahi dituzten igoerak direla eta, protestan ari dira milaka herritar azken hiru asteetan. Iparraldeko errepide nagusietan ere arazoak sortu dituzte azken hiru asteburuetan. Bideo hauxe grabatu zuen erabiltzaile batek atzo A63an:
A63 péage de biriatou ¿¿¿ pic.twitter.com/xZCuJd09AE
— Max (@MaxSt94) 2 de diciembre de 2018
Atzo bezala, gaur ere hainbat "txaleko hori" joan dira Biarritzeko ordainlekura eta barrerak igo dituzte, autoak pasa zitezen, protesta modura.
Biarritzeko ordainlekua atzo, abenduak 1. Argazkia: ETB