Itxi

AURREKONTUAK 2019

EH Bildu: 'Aurrekontuak luzatzea gutxiengoan dagoen gobernu baten porrota da'

EITB.EUS

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak 2019ko aurrekontu proiektua erretiratu eta aurtengo kontuak luzatzeko asmoa iragarri ostean, EH Bilduk oharra kaleratu du. Koalizioak gizartearen beharrei uko egitea leporatu dio.

Maddalen Iriarte (EH Bildu). ETBren bideo batetik ateratako irudia

Azkenean, Eusko Jaurlaritzak 2019rako aurrekontu proiektua erretiratu egingo du, eta, ondorioz, aurtengo kontuak luzatuko ditu. Gobernuaren erabakiaren berri izan ostean, EH Bilduk oharra bidali du goizaldean. Koalizioaren iritziz, Aurrekontuak luzatzea "gutxiengoan dagoen gobernu baten porrota da".

EH Bilduren esanetan, Urkulluren gobernuak "bizkarra eman die gizartearen premiazko beharrei", eta "ulertezina" iritzi diote pentsio baxuenak osatzeko % 0,16 gehiago bideratzeari.

Gainera, erabakia justifikatzeko gezurra esatea leporatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Koalizioaren hitzetan, ez da egia Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenari erantzun ez diotenik. Oharraren arabera, EH Bilduk atzo arratsaldean erantzun zion Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenari.

Erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak baino "arrazoi politikoak" daudela uste du koalizioak. Are gehiago, atzean dagoen arrazoia EH Bildurekin ituna egiteko beldurra dagoela iritzi dio. "Murrizketak atzera botatzearen eta gizarte eskubideak zabaltzearen beldur dira, eta, egoera horretan, nahiago dute milaka pertsonaren ongizatea areagotuko luketen neurriei uko egin. Zoritxarrez, bertigoaren eta arduragabekeriaren arteko nahasketa izan da", gaineratu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Twitter kontuan adierazi duenez, Jaurlaritzak ez die erantzun herritarren eskariei, ezta EH Bildurenei ere. Babesak lortzeko gaitasunik eza erakutsi duela eta herritarrentzat aukera handia galdu dela gaineratu du, eta EH Bilduren proposamenak "bideragarriak eta legezkoak" direla.

Albisteak (5)