Bilbo
Eusko Jaurlaritzak gazteentzako 66 apartamentu eraikiko ditu Zorrotzaurren
eitb.eus
Etxebizitza horiek aldi baterako irtenbidea dira, erabiltzailea ezin izango baita bost urte baino gehiago geratu.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak arreta berezia eman nahi die gazteei. Bilboko Udalarentzat ere lehentasuna dira. Hori dela-eta, erakunde biak, Iñaki Arriola sailburua eta Juan Mari Aburto alkatea buru izan direlarik, hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Zorrotzaurreko inguruan 66 zuzkidura-etxebizitza eraiki ahal izateko. 35 urtetik beherako pertsonentzat dira, batez ere Bilbon erroldatutakoentzat, errenta txikia izanda etxebizitza librearen merkatura sartu ezin direnentzat.
Zuzkidura-etxebizitzak aldi baterako irtenbide gisa proposatzen dira, erabiltzaileak ezin baitira bost urte baino gehiago geratu. Ezaugarri horiek egokiak dira batez ere gazteen beharrizanak betetzeko.
Etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak alokairuan dauden etxebizitza publikoek dauzkaten berberak dira, oro har. Hortaz, etxearen tamainaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera aldatzen da hileko kanonaren zenbatekoa.
Hitzarmen horren bidez, Bilboko Udalak 5.816 metro karratuko AD-1 partzela, Zorrotzaurreko eremu mistoan dagoena, doan lagako dio Etxebizitza Sailari. Sailak, bere aldetik, lau urteko epean egin beharko ditu eraikuntza eta urbanizazioko lanak, doako lagapena eskritura publikoan jartzen denetik aurrera.
Gainera, Zorrotzaurreko eraikina ikuspegi arkitektonikotik berezia izatea nahi du Etxebizitza Sailak; hortaz, eraikuntzaren proiektua lehiaketa publiko ireki epaimahaidunaren bidez esleituko da.