Itxi

Goi-bilera Bruselan

Arrantzaleak kezkatuta daude bazterkinik gabeko arrantza legearekin

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Eugenio Elduayen eta Iñaki Zabaleta Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradien presidenteen adierazpenak bildu ditu Radio Euskadik euskal arrantzarentzat erabakigarria den astearen atarian.

Arrantzontzi bat, ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Europar Batasuneko Arrantza ministroek goi-bilera dute gaur-biharretan Bruselan. 2019rako arrantza kuotak erabakiko dituzte bertan. Horrez gain, bazterkinik gabeko arrantza legea onartuko dute, hau da, itsasoan harrapatutako guztia porturatu beharko dute arrantzaleek, nahiz eta txikia edo kalitate eskasekoa izan. Lege horrekin oso kezkatuta daude euskal arrantzaleak.

Horren harira, Eugenio Elduayen eta Iñaki Zabaleta Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradien presidenteak elkarrizketatu dituzte Radio Euskadiko 'Cronica de Fin de Semana' saioan. Euren ustez, aurten berdelarekin izango da gatazka handiena, "ezarritako kuota % 100ean betetzea utopia izango baita".

Uste berekoa da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria ere. Legatza eta berdelaren kuotak murriztuko ei dituzte. Arratza zuzendariak espero du, dena den, faktore sozio-ekonomikoek (arrantzaleek izan dituzten galerek, esaterako) ministroen erabakian eragitea eta kuotak hainbeste ez jaistea.

Bazterkinik gabeko arrantza legeari buruz, Eusko Jaurlaritzak esan du neurria ez dela 2019ko hasieran indarrean sartuko eta oraindik gehiago zehaztu beharko dutela.

Jaurlaritzaren hitzetan bada beste gai kezkagarririk: angula arrantzatzeko debekua ezartzea.