MINISTROEN KONTSEILUA
Pentsioak oro har % 1,6 eta gutxienekoak % 3 igotzea onartu du Sanchezen Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala ere, Espainiako Gobernuak atzeratu egin du pentsioen igoera KPIari lotzeko hasierako asmoa, eta sei hilabeteko epea zabaldu du eguneratzeko sistema berria osatzeko.
Ministroen Kontseiluak pentsioen igoera onartu du ostiral honetan. Horren arabera, pentsioak oro har % 1,6 igoko dira eta % 3, ostera, gutxienekoak eta kotizazio gabeko pentsioak. Dena den, Espainiako Gobernuak atzeratu egin du pentsioen igoera KPIari lotzeko hasierako asmoa, eta sei hilabeteko epea zabaldu du eguneratzeko sistema berria negoziatzeko.
Pentsioen igoerak 2.591 milioi euroko kostua izango du 2019an.
Espainiako Gizarte Segurantzak gaur zabaldutako datuen arabera, pentsioak % 1,6 igoko dira urtarrilaren 1etik aurrera (7.045.195 kotizaziopeko pentsioak) eta gutxieneko pentsioak (2.647.101) zein kotizazio gabeko pentsioak (451.229), berriz, % 3.
Halaber, urtarrilaren 1etik aurrera lau puntu igoko da, % 56tik % 60ra, alargunen oinarri arautzailea, hau da, alargunen pentsioa kalkulatzeko erabiltzen dena.
Bestalde, oraingoz ez dira pentsioak KPIaren arabera eguneratuko. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, urteko lehen sei hilabeteetan elkarrizketa sozialaren baitan pentsioak zeren arabera eguneratu adosten ahaleginduko dira, beti ere, pentsiodunen erosahalmena eta sistemaren jasangarritasuna bermatuz.