Urtarrilak 11
Ostiralean aurkeztuko ditu Sanchezek talde guztiekin negoziatuko dituen Aurrekontuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sanchezen arabera, Espainiak aurrera egitea izango da Aurrekontuen helburua, alegia, gizarte politikan, ekonomiaren hazkundean, lanpostu berrien sorreran eta lan duintasunean aurrerapausoak ematea.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Efe albiste agentziak egin dion elkarrizketan, baieztatu du ostiraleko Ministroen Kontseiluan onartuko dutela 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorretarako lege proiektua. Ondoren, egitasmo horren tramitazioa hasiko dute, horretarako behar duten babesa bermatuta ez badute ere.
Berriro ere, legealdia presidente karguan agortzeko asmoa erakutsi du Sanchezek, Kataluniako aferan elkarrizketaren aldeko apustua egin du, eta PPk eta Ciudadanosek azkenaldian erakutsitako jokabidea salatu du. Halaber, popularrek Sanchezen heriotzari buruz zabaldutako bideoa kritikatu, Francoren gorpua hobitik ateratzeko prozesuan izandako atzerapenak onartu, Idoia Mendiak Arnaldo Otegirekin egindako argazkia defendatu eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria indargabetzea baztertu du, Auzitegi Konstituzionalaren erantzunaren zain.
2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak
"Espainiako Gobernuaren planteamendua Aurrekontuak aurkeztea da, eta horixe egingo dugu urtarrilaren 11ko Ministroen Kontseiluan, hots, hurrengo ostiralean. Espainiak aurrera egitea izango da Aurrekontuen helburua, alegia, gizarte politikan, ekonomiaren hazkundean, lanpostu berrien sorreran eta lan duintasunean aurrerapausoak ematea. Hortaz, zentzu komunez betetako Aurrekontuak izango dira, eta gure herrialde honetan beharrezkoak diren gizarte balioak izango dituzte oinarri", esan du.
Negoziazioei dagokienez, Sanchezek nabarmendu du indar politiko guztiekin hitz egingo dutela: "Alderdi independentistekin ez ezik, horien babesa soilik ez bilatzeko eskatu diguten taldeekin ere negoziatuko dugu. Ciudadanosekin eta PPrekin ere batuko gara", azpimarratu du.
Ildo horretan, argi utzi du lanpostu berriak sortzeak, ekonomikoki hazten jarraitzeak eta lan baldintzak duintzeak daukan garrantzia.