'Brexit'
Jaurlaritzak 'brexit'aren inguruko aholkularitza zerbitzua emango die euskal enpresei
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Erresuma Batuan bizi diren pertsonak eta finkatuta dauden enpresak babestuko ditu, "brexit"arekin zerikusia duen "edozein gertakizunen aurrean".
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da, gaur goizean, Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bilerako buru. Topaketan, lehendakariak Europar Batasunaren etorkizuna baldintzatuko duten hurrengo gertakariak nabarmendu ditu.
"Prest egon behar dugu edozein gertakizunetarako", esan du lehendakariak, brexitaren inguruko hurrengo bozketa dela eta. "Gure helburua Erresuma Batuan bizi diren euskal herritarren eskubideak eta herrialde hartan finkatuta dauden euskal enpresen interesak babestea da", esan du Lehendakariak.
Topaketa gaur goizean izan da, Lehendakaritzan, eta lehendakaria Europako Parlamentuaren hurrengo hauteskundeak ere aipatu ditu. Lehendakariak nabarmendu du egunero demokrazia lantzeko, giza eskubideak hertsiki defendatzeko eta gizarte-justiziaren alde borrokatzeko jatorrizko balioak berreskuratu behar direla. "Horiek dira gogo-oinarriak, eta proposatutako eredua giza garapen jasangarria da", esan du.
Euskadi Basque Country estrategia
Topaketan, halaber, balantzea egin da eta nazioarteko panoraman etorkizuneko erronkak ezarri dira.
Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan, lehendakariak esan du dagoeneko 2020rako aurreikusitako 1.900 jardueretatik 1.000 egin direla.
Era berean, Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeak Eusko Jaurlaritzak lehenesten dituen herrialdeko lau erronken aurrean duen eginkizuna nabarmendu du lehendakariak: hezkuntza; erronka demografikoa eta gazteriaren aldeko apustua; berrikuntza; eta Euskadi Basque Countryren nazioartekotzea.
Aholku Batzordearen osaera
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea 2016 urteko uztailean osatu zen, gizarte zibilak parte hartzeko eztabaida gune ireki modura, EAEn nazioartekotzeari buruzko eztabaida eta aholkularitza bultzatzeko asmoz.
Batzordea EAEko eragileek osatzen dute gehien bat, eta batzordekideak askotariko profiletakoak dira eta nazioarteko esparruaren ezagutza zabala dute; besteak beste, soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa.