ELKARRIZKETA SOZIALA
Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sortzeko dekretua onartu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu buru duen gobernuak datozen asteetan egin nahi du bilera deialdia. Administrazioa, sindikatuak eta patronala elkartzen dira foro horretan.
Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sortzeko dekretua onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Administrazioa, sindikatuak eta patronala elkartzen dira foro horretan, besteak beste, negoziazio kolektiboari eragiten dioten gaiak jorratzeko edo lan arloko politika publikoak eztabaidatzeko. Dekretu horri esker, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia instituzionalizatu egingo da, hots, izaera egonkorra emango zaio, orain arte ez bezala.
Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak eman zuen dekretuaren berri, astearteroko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Halaber, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren lehen bilera ofiziala urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran egin nahi duela aurreratu zuen.
Orain dekretu bidez onartu bada ere, sailburuak ez du baztertzen etorkizunean lege bihurtzea.
Arau horren arabera, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren eginkizuna izango da lan arloarekin eta negoziazio kolektiboarekin zerikusia duten gaietan politika publikoak sustatzea.
Mahaiak bi bilera arrunt egingo ditu urtean zehar, eta horrez gain, ezohiko bilerak egingo dituzte, aldeek hala nahi dutenean.
Orokorrean, Mahaian aho batez hartuko dira erabakiak, baina Eusko Jaurlaritzaren, patronalaren eta gutxienez sindikatu baten babesa nahikoa izango dute aurrerantzean aurrera egiteko.