MINISTROEN KONTSEILUA
Espainiako Gobernuak 'Google Tasa' eta 'Tobin Tasa' onartu ditu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zerga horiekin 2.050 milioi euro biltzea aurreikusten du espainiar Gobernuak. Horietatik 850 milioi euro 'Tobin Tasa'k bilduko ditu eta Celaak esan duenez pentsioetara bideratuko da diruaren zati bat.
Zerbitzu digitalen eta salerosketa zergen lege aurreproiektuak onartu ditu Ministroen Kontseiluak, ostiral honetan. Espainiako Gobernuak zerga horiekin, guztira 2.050 milioi euro biltzea aurreikusten du; 1.200 milioi 'Google Tasa' delakoagatik eta 850 milioi euro 'Botin Tasa'gatik.
Ministroen Kontseiluaren ondoren prentsaurrekoa eman du Isabel Celaa, Espainiako Gobernuko bozeramaileak. ‘Google Tasa’ izenekoa modu pribilegiatuan lan egin eta beste merkataritzei edo ekintzei “desabantaila handia” eragiten dien plataformei zuzenduta dagoela, adierazi du bertan.
Celaak nabarmendu du Europar Batasuneko herrialdeen artean Espainiak baino ez duela ezarri negozio digitalen eremuko salerosketaren adaptazio hau.
Zehaztutako Zerbitzu Digitalen zerga berriak urtean 750 milioi euroko eta Espainian hiru milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten enpresak zergapetuko ditu.
Gainera, Celaak azaldu duenez, Europako Batzordearen proposamenarekin batera, % 3ko zerga ezarriko zaie online publizitate zerbitzuei, online bitartekotza zerbitzuei eta erabiltzaileen jardueratik sortutako informazioaren edo metadatuen salmentagatik.
Ondorioz, zerbitzua eskaintzen duen enpresa eta eskuratzen duen enpresa harremanetan jartzen dituen plataformari dago zuzenduta zerga berri hau, baina ez produktua sortzen duenari, hala adierazi du espainiar Gobernuko bozeramaileak. Era berean, kitapena hiru hilekoa izango dela eta Espainiako Gobernuak zerga horrekin 1.200 milioi euro biltzea aurreikusten duela gaineratu du.
Zergatik kanpo geratzen dira erabiltzaileen arteko ondasunen edo zerbitzuen online salmentak; eta saltzailearen webgunearen bidez kontratatutako zerbitzu eta ondasunak, saltzailea bitartekoa ez denean.
Partizipazio taldeen, zuzenen edo zeharkakoen, artean egiten diren prestazio ekonomikoak % 100ean zerga honetatik kanpo geratuko direla ere jaso du gaur onartutako lege aurreproiektuak.
Finantza-transakzioak
Era berean, Ministroen Kontseiluak ‘Tobin Tasa’ bezala ezagutzen den Finantza-Transakzioen zerga onartu du. % 0,2ko zerga ezarriko zaie finantziazio operadoreen bidez espainiar akzioak erosten dituztenei.
% 0,2ko zerga ordaindu beharko dute mila milioi euro baino gehiagoko burtsa kapitalizazioa duten kotizatutako espainiar enpresen akzioak erosi ezkero. Akzioak pymetan ordaindu edo kotizatu gabeko enpresen akzioak erosi ezkero, ez da zerga kenduko.
Celaak esan duenez, zerga honekin 850 milioi euro biltzea aurreikusten da eta diru kopuru hori pentsioetara eta Gizarte Segurantzaren babes-sistemara bideratuko da.