ELKARRETARATZEA MADRILEN
La Navaleko langileek protesta egin dute Kongresuaren aurrean, ontziolaren alde
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Industria ministroak Kongresuan egin duen agerraldia baliatu dute kontzentrazioa egiteko. Halaber, enpresa batzordeak bilerak hitzartu ditu Kongresuko sei talde parlamentariorekin.
Sestaoko (Bizkaia) La Naval ontziolako langileek elkarretaratzea egin dute asteazken arratsalde honetan, Diputatu Kongresuaren aurrean, talde parlamentarioei eta Espainiako Gobernuari "irtenbide bat" eskatzeko. Protesta bilkura hiru orduz luzatu da, Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak egin duen agerraldiarekin bat eginez.
Arratsaldeko bilkuran ontziolaren itxieraren kontrako oihuak entzun dira, eta langileek “Naval ez itxi” zioten pankartak izan dituzte aldean. Halaber, “inbertitzaile gutxiago eta irtenbide gehiago” behar dituztela esan dute. Bitartean, Madrilgo taxilariek babesa adierazi diete, eta prekarietatearen aurka agertu dira.
Diputatu batzuk ere haiengana hurbildu dira babesa adierazteko. Besteak beste, Unidos Podemos taldeko Rafael Mayoral, Yolanda Diaz eta Alberto Rodriguez, eta EH Bilduko Oskar Matute izan dira langileengana hurbildu direnak.
EH Bilduko kidearen iritziz, ontziolaren egoerari aurre egiteko ezinbestekoa da lehenbailehen inbertitzaile pribatu bat aurkitzea eta erakunde publikoek baliabide ekonomikoak bideratzea. “Borondate politikorik ez dagoela dirudi, eta egoera oso kaskarra da, bi aste barru lantaldea kaleratuko baitute”.
Dena dela, irtenbide bat bilatzeko denbora badagoela ziurtatu du Matutek, baina Navalen egoera erakundeen esku dagoela adierazi du. Halaber, enpresa hori “erreferentea” dela azpimarratu du, eta “ontziolaren sektorea estrategikoa” dela esan du.
Industriak dio ezin duela La Naval erreskatatu
Unidos Podemos talde parlamentarioak La Naval ontziolari buruz egindako galdera bati erantzun behar izan dio gaur Reyes Maroto Industria ministroak, eta enpresa batzordeko kideek Kongresuko areto batetik jarraitu ahal izan dute agerraldia.
Marotok azaldu duenez, administrazio publikoek krisi egoeran dauden enpresei ematen dizkieten laguntzekin oso “zorrotza” da Europako araudia. Bere iritziz, horrek Sestaoko ontziolaren “erreskatea eragozten du”. Gauzak horrela, irtenbide bat lortzeko La Naval likidatzeko planarekin jarraitu eta inbertitzaileek interesa agertu arte itxaron behar dela esan du.
Industria ministroak arratsaldean egindako agerraldian azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak oso zorrotza izan behar du ematen dituen laguntzekin, ezin dituelako iraganean egindako akatsak errepikatu. Horrenbestez, likidazio plana hilabete batzuk barru amaitu daitekeela aurreratu du, lantaldea berriro onartuko lukeen inbertitzaile bat agertzen bada.
Bere iritziz, azken ontzia bertan amaitzeko aukera lortu dezake inbertitzaile berriak. Hala, egungo egoerari irtenbide bat bilatu ahal izateko “errealistak” izan eta erakundeek eta enpresa batzordeak elkarrekin lan egiteko borondatea izan behar dutela esan du.
Talde parlamentario batzuekin bilerak
Ehun langile inguru abiatu dira 08:30 aldera Sestaoko ontziolatik, bi autobusetan, Madrilera. Aurrez, enpresa batzordeko ordezkariak bi autotan atera dira. Izan ere, hainbat bilera hitzartu dituzte Kongresuko sei talde parlamentariorekin: Unidos Podemosekin, EAJrekin, Alderdi Popularrarekin, Ciudadanosekin, Talde Mistoarekin (EH Bilduko eta bertan ordezkaritza duten gainerako alderdietako ordezkariekin) eta PSOErekin.
Juanjo Llorden enpresa batzordeko idazkariak azaldu duenez, ontziolaren eta langileen egoeraren berri eman diete guztiei, eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, inbertitzaile pribatu batekin batera, ontziola erosteko "presioa" egiteko eta hiruko mahaiaren beste bilera bat deitzeko eskatu diete.